Nafarroa Behereko Banka herrian sortu zen Minaberry, 1926ko irailaren 7an, hain zuzen. Irakaskuntzan aritu ondoren, Basque Eclair egunkarian jardun zuen idazkari lanetan, zenbait kolaborazio eginez. 1975an, Sud Ouest-ek hartu zuen aldizkaria eta egunkari horretarako lanean ibili zen Marie Jeanne, harik eta 1990ean erretiroa hartu zuen arte. Euskarazko beste komunikabide batzuetan ere kolaboratu zuen, Herria, Gure Herria, Almanaka edo Pan-Pin aldizkarietan, esaterako, eta bertan hasi zen plazaratzen bere sorkuntza lana. Beraz, aldizkari eta egunkarietan kolaboratzen estreinatu zuen idazle ibilbidea Minaberryk, poema eta ipuin gogoangarriak publikatuz.
1963. urtean publikatu zuen bere lehen ipuin liburua: Itchulingo anderea (Goiztiri), eta 1965ean Xoria kantari poesia liburua karrikaratu zuen. Liburu biak gaur egungo euskal haur literaturaren abiapuntutzat jo izan dituzte ikertzaileek. Irratirako ere egin zuen lan, are gehiago, aitzindarietakoa dugu euskal irratigintzan. 1960an, Parisko Irrati Nazionalak martxan jarritako Radio Côte Basque irratian ibili zen Pantxo Etxezaharreta, Piarres Lartzabal eta beste batzuekin batera, bertsolaritzaz, haurrentzako txokoaz eta entzuleen disko eskaerei erreparatzen ziela, batez ere. Ondoren, Gure Irratian eta Lapurdi Irratian ere entzun ahal izan da Marie Jeanne-ren ahotsa.
Oskorri taldeak bere lana ekarri zuen gogora 1999an kaleratutako Marijan kanta zan diskoarekin; bertan Minaberryren hainbat kantu eta olerki bildu zituzten, eta, ondoren, diskoan oinarritutako ikuskizuna prestatu zuten Oskorrik eta Kukubiltxo antzerki taldeak.
Hiztegigintzan ere ibili zen Bankako alaba, eta hainbat lan argitaratu zituen Manuel Mitxelena eta Piarres Lafitterekin elkarlanean. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1964ko urriaren 30ean, eta ohorezko, 1998ko apirilaren 24an. Euskal Idazleen Elkarteko ohorezko kidea ere bazen.