“Euskal hedabideen sektoreak konpetitiboa izan behar du eta irabazi behar du merkatua, bere autonomia mantenduz”. Horrela mintzatu da Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, gaur, 'Euskal hedabideak, itun bila' jardunaldian. Alkortak onartu du euskal hedabideek paper garrantzitsua betetzen dutela gure hizkuntzaren normalizazioan, eta esan du Gobernu berrian badagoela euskal hedabideen etorkizunari buruzko “kezka eta ardura”. Alkortak gaineratu du “giro bat” badagoela, Hekimen elkartearen eta administrazioaren arteko hartu-emana “zuzena eta hurbila” dela, eta, azkenik, adierazi du etorkizunean elkarrekin eman beharreko urratsa “publikoa eta pribatua” izan behar duela.
Andres Urrutia euskaltzainburuak egin die harrera Akademiaren Bilboko egoitzara hurbildu diren kazetari, politikari, euskaltzain eta irakasleei. “Guretzat azpimarratzekoa da Hekimenekin batera antolatu dugun jardunaldi hau, Akademian badakigulako komunikabideen sektorea estrategikoa dela euskalgintzan, horren bitartez gizarteratzen baitira interesatzen zaizkigun gai eta kezka ugari; beraz, funtsezkoak dira euskal gizartea bera kohesionatzeko”. Urrutiak gogoratu du, baita, Akademiaren sorreran orduko hedabideek izan zuten parte-hartzea: “Ehun urte beteko ditugu laster, eta nabarmendu behar dut Euskaltzaindiaren sorreran komunikabideek berebiziko garrantzia izan zutela, bai Akademia abiarazteko orduan, bai euskalgintzaren presentzia bermatzerakoan. Gaur egun ere, euskararentzako eta euskal kulturarentzako hil ala biziko elementuak dira euskal hedabideak, euskalgintza sendo bat eraikitzeko tresna ezinbestekoak”.
Sektorearen zenbakiak eta eskariak
Herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea ziurtatu ahal izateko, posible ote da hedabide eta administrazioaren arteko itun zabal bat? Galdera horri erantzuten saiatu dira 'Euskal hedabideak, itun bila' jardunaldian parte hartu duten kazetari eta irakasleak.
Bide batez, euskaraz jarduten duten hedabideen erradiografia egin du Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak, datu argigarriak -eta lagungarriak- azaleratuz. Guztira, 215 “komunikazio produktu” ekoizten dira Euskal Herrian (tokikoak, 146; tematikoak, 49; nazionalak, 16; lurraldekoak, 4), 530 zuzeneko lanpostu ziurtatuz; horrez gain, 600 kolaboratzaile inguru dituzte euskal komunikabideek, eta mila boluntariotik gora. “Hor badago hedapen zabal bat, badago indar bat, sektoreari aitortu behar zaiona”, adierazi du Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak, Mimenzaren hitzaldiaren ostean. Baina, Behategiko koordinatzaileak bestelako datuak ere komentatu ditu, tartean, finantziazioarena. Eta datuek diote euskal hedabideen diru-iturriak bitan banatzen direla: %38,8 diru-iturri publikoa da eta %61, 2 diru-iturri propioa.
Hekimenek bilatzen duen itunaren nondik norakoak argitzeko, beste ikuspuntu batzuk ere agertu dira, gaurko jardunaldian: Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendariak Hezkuntzari lotutako itunak azaldu ditu; Iñaki Urquijo Bizkaiko AEKko ordezkariak administrazioarekin AEKk dituen akordioei buruz hitz egin du; eta Titto Betbeder Euskal Irratiak-eko koordinatzaileak Frantziako Estatuaren eredua esplikatu du. Halaber, Jone Goirigolzarri eta Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko irakasleak gonbidatu ditu Hekimenek gaurko saiora. Biek azpimarratu dute euskal hedabideek XXI. mendean duten garrantzia estrategikoa, eta etorkizunean aurre egin beharreko arazo eta erronkak identifikatzen saiatu dira.
Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak zarratu du mintegia. Barandiaranek aitortza eskatu dio administrazioari, eta, ostean, ituna. Sektorea identifikatzeko eta garatzeko azken urteotan egon diren zailtasunak aletu ditu, baita euskal hedabideen indarguneak azpimarratu ere. Babes “iraunkorra eta adostua” eskatu dio Jaurlaritzari kazetariak, merkatuak berak ezartzen duen hedabideen arteko desoreka orekatzeko, pluraltasunaren mesedetan, “Europako zenbait herrialdetan egiten den bezala”.
Hekimen
2012an sortu zen Hekimen, eta herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea ziurtatu ahal izateko administrazioaren aitortza eta batzuen eta besteen arteko ituna proposatzen du.