Nafarroako Gobernuak hurrengo hiru urteetan (2016-2019) garatzeko onartu berri duen euskararen plan estrategikoak bi oinarri izan ditu abiapuntu gisa, bata, euskara Nafarroako hizkuntza berekia dela aitortzea eta, hortaz, nafar guztien ondarea; bestea, ondare horren garapena ikuspegi positibotik proiektatzea, hizkuntza honen prestigioa eta erakargarritasuna azpimarratuz. Aldi berean, prozesu horretarako, alegia, planaren elaborazioa eta beharrezko diren tresnak eta neurriak definitu aurretik, gobernuak oso kontuan izan du gizartearen parte-hartze zabala, lurraldeka nahiz sektoreka planteatua. Prozesu horren guztiaren ondorio dira egitasmoaren zazpi ardatz estrategikoak: erabilera soziala, hiztun berriak, zerbitzu publikoak, prestigioa eta erakargarritasuna, motor ekonomikoa, hizkuntza esparrua eta Euskarabidearen barne kudeaketa.
Zalantzarik gabe, Euskararen Nafar Kontseiluak aho batez eta, ondotik, Nafarroako Gobernuak onartutako plana urrats garrantzitsua da Nafarroarako eta, bereziki, Nafarroan euskara ikasi eta erabili nahi duten guztiendako. Urrats kualitatiboa, errealista eta egingarria den aldetik. Izan ere, plan hori hurrengo hiru urteetan garatzeko neurriak eta baliabide ekonomikoak aurreikusi baitira.
Jakina da, Nafarroan indarrean dagoen 1986ko Euskararen Legea estua, mugatzailea eta murriztailea dela, eta lege berri bat egiteko aukerarik ezean, lehengoaren moldera egokitu behar izan dela diseinatu eta onartu berri den plan estrategikoa. Horregatik, deigarria da eta kezkagarria bereziki, indarrean jarraitzen duen legearen defendatzaile sutsuenak izatea, haren markotik harago ez doan plan estrategiko hau dela eta, zenbait iritzi katastrofistaren eragileak, ematen duenez, nafarren elkarbizitza modu positiboan bultzatu beharrean, betiko gatazka politiko-soziala elikatzen segitu nahian.