Orotariko Euskal Hiztegiaren (OEH) 5. argitaraldiak 1.169 sarrera berri ditu eta beste 4.446 aldatu egin dira. Gaur egun, 145.318 sarrera ditu guztira Hiztegi erraldoiak. Oraingoan, lege eta administrazio arloko testuetatik ateratako hitzez osatu da, eta horretarako erabili diren testuak artxibo hauetatik atera dira:
-1833-1877 arteko Bizkaiko Batzar Nagusietako akta eta beste dokumentuen itzulpenak.
-Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zirkularren itzulpenak (Bizkaikoak 1917-1919 artekoak dira. Gipuzkoakoak, berriz, 1919-1923 artekoak).
-Lehen Eusko Jaurlaritzaren (1936-1937) aldizkari ofiziala (Euzkadi'ko Agintaritzaren Egunerokoa). Itzultzaileak, gobernu hartako kultura-arduraduna izan zen J. M. Leizaolak dioenez, hiru tolosar izan ziren, horien artean Jesus Azkue epailea.
Argitaraldi berriak bi urtetako esfortzua eta lana biltzen du, eta, Gabriel Fraile Akademiako teknikariak agertu duenez, “Orotariko Euskal Hiztegiak zuen hutsunea betetzera dator testu hauek gehitzea”. “Gauza jakina da euskaraz oraintsu arte gai hauek gutxi landu direla –esan du Frailek-, baina egin den apurraren berria, neurri handi batean historikoa den hiztegi batean eman behar dela iruditzen zaigu”. Hiztegiari gehitu zaizkion berba batzuk ere aipatu ditu Frailek, esaterako agintepide (cargo), aurkezlari (presentante), baimendun (autorizado), berrindartu (confirmar), dirutar (económico), epailedi (cuerpo judicial), erabakigai (propuesta), eskabidelari (solicitante), itunpendu (contratar), legezaintza (fiscalía), notindar (privado), oroitidazki (memoria), zenbakaritza (contabilidad) edo zigorpen.
Gaur aurkeztu du Euskaltzaindiak bertsio berria, Gipuzkoako Foru Aldundiak duen Trono Aretoan, eta bertan izan dira, Gabriel Frailerekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Andoni Sagarna OEHren zuzendaria. Andres Urrutiak Hiztegi historiko honen garrantzia eta pisua azpimarratu ondoren, Zuzendaritzaren apustu nagusienetakoa dela gogoratu du: "Ondorengo urteetan ere, Akademiaren Zuzendaritzak eutsiko dio OEH elikatzen eta hobetzen jarraitzeko apustuari, eta, nola ez, erabiltzaileen esku jartzen ahaleginduko gara". Andoni Sagarnak corpus zabaltze honek Orotariko Euskal Hiztegiari ekarri dion aurrerapena aipatu du bere berbaldian, eta OEHren deskribapen orokorra egin du: "Esan dezakegu antzinatik XX. mendera arteko euskal literaturaren erradiografia dela Orotarikoa, osorik Interneten kontsultatu daitekeena. Zentzu honetan, zuzeneko kontsulta egin daiteke, baina Euskaltzaindiaren Hiztegian sartuta ere bai, hitz bat aukeratu eta bilaketa aurreratuan klikatuta, edozein hitz hautatzen denean beti dagoelako iturriak ikusteko aukera".
Nahitaezko erreferentzia
Akademiak burutu duen egitasmo handienetakoa da OEH, handiena ez bada. Hiztegigintzan ari direnentzako nahitaezko erreferentzia da Hiztegi hau, bertan jasotzen direlako euskaraz idatzi diren liburu esanguratsu gehienak, aro eta euskalki ezberdinetakoak. Hamasei liburukitan argitaratuta dago hiztegia eta ikertzaile eta erabiltzaile ororen esku dago, Interneten (www.euskaltzaindia.eus).
Orotariko Euskal Hiztegiaren 5. argitaraldiak 1.169 sarrera gehiago ditu
Guztira, 145.318 sarrera ditu OEH-ren bertsio digitalak, eta nahitaezko erreferentzia da Hiztegigintzan ari direnentzat.
Bertsio berria lege eta administrazio testuez hornitu nahi izan du Euskaltzaindiak.
Orotariko Euskal Hiztegia erabiltzaile ororen esku dago, Interneten (www.euskaltzaindia.eus).
Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Ondorengo urteetan ere, Akademiaren Zuzendaritzak eutsiko dio OEH elikatzen eta hobetzen jarraitzeko apustuari, eta, nola ez, erabiltzaileen esku jartzen ahaleginduko gara".
Andoni Sagarna (OEHren zuzendaria): "Antzinatik XX. mendera arteko euskal literaturaren erradiografia da Orotariko Euskal Hiztegia".
Gabriel Fraile (Euskaltzaindiko teknikaria): “Lanaren zati bat zuzenketak eta gehikuntzak egitea izan da, batez ere Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lantaldeak proposatutakoak. Bestea, lege eta administrazio arloko testuez hiztegiaren corpusa zabaltzea”.