80 urte bete dira EGUNA egunkariaren lehen zenbakia kaleratu zenetik. 1937ko urtarrilaren 1ean plazaratu zen lehenengoz, gerra bete-betean, eta sei hilabete geroago, ekainaren 13an, argitaratu zen azkenengoz, hain zuzen ere, soldadu faxistak Bilbora sartu baino sei egun lehenago. Egunkari haren 139 zenbaki kaleratu ziren.
Euskara hutsezko lehen egunkari hura zein testuingurutan sortu zen, haren garrantziaz eta gaur egungo komunikabideetan izan duen eraginaz eztabaidatzeko baliatuko da jardunaldia. Honela, kazetari eta historialari ezagunak hurbilduko dira egun horretan Akademiak Bilbon duen egoitzara (Plaza Barria, 15), tartean, Joan Mari Torrealdai euskaltzaina, Joseba Agirreazkuenaga EHUko katedraduna, Xabier Altzibar EHUko irakaslea, edo 'Amatiño' kazetaria.
(Joan Mari Torrealdai)
(Amatiño. Argazkia: Euskonews)
Programak goiz guztian zehar luzatuko diren hitzaldiak eta mahai-inguruak proposatzen ditu, 09:00etan hasi eta ordu biak arte. Antolamendu eta leku arrazoia dala eta, ezinbestekoa da izena ematea, aurretiaz. Horretarako, deitu 94 4158155 telefonora edo korreo elektroniko honetara idatzi: info@euskaltzaindia.eus
EGUNA jardunaldia egingo da Euskaltzaindian
Euskarazko EGUNA egunkariaren 80. urtemuga aitzakiatzat hartuta, Bilboko Udalak, Sabino Arana Fundazioak, Euskaltzaindiak, Euskal PEN/Basque PEN Klubak eta Deia egunkariak euskarazko prentsaren nondik norakoak aztertu eta eztabaidatzeko jardunaldi bat antolatu dute, otsailaren 10erako (ostirala).
Parte hartzeko: 94 4158155 telefonora deitu edo korreo elektroniko honetara idatzi: info@euskaltzaindia.eus
Idatzi iruzkina