Mertxe Mujika AEK-ko zuzendariaren eta Asier Amondo Korrika 20ko koordinatzailearen bisita jaso du, gaur, Euskaltzaindiak. AEK-ko ordezkariek egitasmoaren 20. aldiaren nondik-norakoak azaldu dizkiete Xabier Kintana Akademiako idazkariari eta Erramun Osa idazkariordeari.
Euskaltzaindiak hasieratik parte hartu du egitasmo honetan, eta 2017an ere izango du bere Kilometroa. "Euskaltzaindiak begi onez ikusten ditu euskararen alde egiten diren ekimen guztiak", esan du Xabier Kintanak, AEK-ko ordezkariekin batzartu ostean. Euskalgintzaren egoeraz jardun dute, ordu betez, ondorio berdinera heldu direla batzuk zein bestetzuk: "Hitzetatik ekintzetara pasatu behar da, hausnarketatik proiektu konkretuetara".
Hamaika egunez, eten barik
Dagoeneko, nork ez du ezagutzen Korrika? Agian egonen da despistaturen bat gure artean. Horientzat (eta Korrikaren historia errepasatu nahi dutenentzat), hona hemen azaleko argigarri batzuk.
Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Bere xede nagusiak bi dira: batetik, euskararen aldeko kontzientzia suspertu, eta, bestetik, euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua bildu.
1980an, Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena da. Ordudanik, 19 Korrika antolatu eta 37 urte igaro dira.
Beste behin, eta 2017ko martxoaren 30ean hasita, hamaika egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du hogeigarren aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe.
Eta nola egiten da? Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean idatzi eta irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.
Omenduak
20. aldiak Korrikaren sortzaileak omenduko ditu, Korrikaren beraren ideia saritzeko. Eta, zergatik Korrikaren sortzaileak? Ideia "zoragarri bezain eroa izan zuten horiei esker", Korrika euskararen aldeko ekintzarik handiena eta parte-hartzaileena bihurtu delako.
AEK-k antolatuta, egun Korrika euskalgintza, euskal kultura eta euskararen erreferentzia bihurtu da; gainera, ideia atzerrira ere esportatu da (Katalunia, Galiza...).