Euskaltzaindiak 'Donostia eta Europako Hizkuntzak perspektiba sozio-historikoan' jardunaldia antolatu du, gaur, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua egitasmoaren baitan. Luis Villasante Ikerguneak hartu du helburu jakin batzuekin egin den mintegia: batetik, euskarak eta erdarek azken 250 urtean Donostian izandako bilakaera soziolinguistikoa aztertu da, horretarako, Euskararen Historia Soziala (EHS) proiektuak sortutako oinarri teoriko-metodologiko berritzailea agertu eta erabili dela; eta, bestetik, hizkuntzen historia soziala lantzeko nazioarte mailan berritzailea den metodologia aplikatu da.
Euskadiko kulturgintzaren eta euskalgintzaren alorretan Donostia hiriburu zaharrenetakoa eta ezagunenetakoa izanik, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburu ospakizunerako berariazko ekarpen-proposamena egitea erabaki zuen Euskaltzaindiak, aspaldi. Hortaz, Donostiako egoitzan (Luis Villasante Ikergunean) kokatuta dagoen Euskararen Historia Soziala izeneko proiektuaren bidez ekimen berezia proposatu zuen, hain zuzen, gaur antolatu den mintegia. DSS2016EUko ospakizunek duten helburuekin bat etorriz, proposamen hori aniztasunaren, ororekiko errespetuaren eta Europako elkar-giroaren aldeko saioaren barruan kokatu nahi izan da.
Baina, zertarako aplikatu metodologia berri hau? Batez ere, Donostiaren azken mendeotako mintza-jarduna gizarte-perspektibatik aztertzeak gaur egungo egoera nondik datorren irudikatzeko balio dezakeelako.
Hortaz, orain arte egindako lanaren emaitza nagusiak azaldu dira, gaur, Akademiaren Donostiako ordezkaritzan, hainbat adituren aurrean. Jardunaldia hasteko, Andres Urrutia euskaltzainburuak ongietorria egin die bertara bildu direnei, eta proiektuaren garrantzia azpimarratu du. “Mugarri bat jarri dugu proiektu honekin, etorkizunean bestelako ikerketa batzuetan erabiltzeko baliagarria izango baita”, azpimarratu du euskaltzainburuak.
Ondoren, Xabier Paya Donostia 2016ko kultur programaren zuzendariak hartu du hitza eta ikerlana Udalaren aurtengo perspektiba berezian kokatu du, hots, Donostia 2016 proiektuaren barne. Pozik agertu da Paya lortutako emaitzarekin: “Ospatu hitza ez zait gustatzen, baina ospatzeko modukoa da aurten Euskaltzaindiko ikertzaileek lortu dutena: Euskararen Historia Soziala proiektuak sortutako oinarri teoriko-metodologiko berritzaileak iraganera begira jarri gaitu, etorkizuna hobeto irudika dezagun”.
Ostean, Antonio Campos Kutxa Fundazioaren ordezkariak erakunde honek euskararekin duen interesa azpimarratu du, eta aitortu du honelako proiektuak “ezinbestekoak” direla “euskararen geroa bermatzeko”.
Azkenik, jardunaldiaren egitaraua aurkeztu du Mikel Zalbidek, Euskaltzaindiko EHS proiektuaren zuzendariak. Honela, bost ekitaldi nagusi izan ditu jardunaldiak. Lehen berbaldian, EHS proiektuak Hizkuntzen Historia Soziala lantzeko sortu duen metodologia eta bere oinarri teorikoak aurkeztu ditu Lionel Jolyk. Bigarrenean, Europako zenbait hizkuntzak Donostiako historian izan duten tokia azaldu du Mikel Zalbidek. Horren ostean, eta hainbat iturri baliatuz, Juan Madariagak XVIII. mendeko gure panorama soziolinguistikoa zehaztu du, ondoko gai hauek jorratuz: ahozkoan euskarak zuen nagusitasun zabala, euskal hiztun elebakarren kuantifikazioa...
Donostiaren XXI. mende-hasiera honetako egoera soziolinguistikoa azaldu dute gero Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak eta Maialen Iñarrak. Azterbide deskriptiboa jorratu dute, batez ere. Ondoko bost dimentsiook izan dituzte horretarako kontuan: hizkuntzaren erabilera, hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzaren barne-osaera, gizartearen osaera eta hizkuntzaren iritzi, jarrera eta jokaerak. Jardunaldia bukatzeko, Mikel Zalbidek eta Lionel Jolyk, EHSren oinarri teoriko-metodologikoa aplikatuz, Donostiaren azken 250 urte inguruan izandako bilakaera soziolinguistikoa azaldu dute. Gizarte-aldaketa handia suertatu da tarte horretan. 10.000 biztanle izatetik 180.000 izatera iritsi da Donostia, eta hizkuntza-harremanak biderkatu egin dira: lehen baino hizkuntza-harreman gehiago ditu jendeak eta lehen baino jende gehiagorekin. Jarduerari dagokionez, orain dela 250 urte erabateko nagusitasuna ahozkoak bazuen ere, gaur egun idatzizkoak toki ohargarria hartu duela esan dute ikerlariek.