Akademiak mintegi bat antolatu du, gaur, bere Baionako ordezkaritzan. Bertara hurbildu dira Ipar Euskal Herriko kazetari, filologo, ikertzaile eta euskaltzaleak, Hiztegi berriak erabiltzaileen artean sortu duen ikusmina asetzeko gogoz.
Honela, eta aurreneko ordu erdian, Andoni Sagarnak Akademiak hiztegigintzan egindako ibilbidea aletu du: Koldo Mitxelenaren ahaleginak, 1974ko Merkatalgo hiztegia, Arestik eta Xabier Kintanak eginiko Batasunaren Kutxa ospetsua, 1977ko Euskal Hiztegi Modernoa (Kintana eta beste batzuen artean egina); 1981eko Hondarribiko batzar erabakiorra (Orotariko Euskal Hiztegia egitea erabaki zen han); Euskaltzaindiaren Hiztegigintza batzordea sortu zenekoa (1983an); UZEIren lan ikaragarria; 1987ko estreinako Orotariko Euskal Hiztegiaren publikazioa... Finean, aurten aurkeztu den Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zimendu izan diren hainbat ekintza eta egitasmoren errepasoa egin du Sagarnak. Gogoratu du, baita, 2009an Akademiak batzorde bi eratu zituela hiztegigintza lantzeko: Hiztegi Batukoa eta Euskaltzaindiaren Hiztegikoa. "Erabaki honekin lana bizkortzea nahi genuen, eta lortu da", adierazi du EHren zuzendariak.
Azalpenekin, Sagarnak erakutsi nahi izan du lan ikaragarria dagoela Hiztegi bakoitzaren atzean, “zehatza eta zorrotza”, eta horiek osatzeko erabilitako corpusen garrantzia ere aipatu du, bide batez: “Garai batean ez geneukan halakorik, altxor zoragarria da, egunero berriztatzen dena, ia modu automatikoan. Handik eta hemendik jasotako testu eredugarriak biltzen eta sailkatzen dira, gero Hiztegia egiteko erabiliko direnak”.
Sagarnak esan du erreferentziak sortzeko balio duela Hiztegi batek, ez dagoela “morala egiteko edo ezartzeko”, are gutxiago arautzeko: “Ez, ez dugu polizia-lana egiten; Hiztegi hau lagungarri bat da, hizkuntza ondo erabili nahi duenak erreferentzia gisa erabil dezan”. Nabarmendu zuen, baina, Hiztegia aberastu eta osatzeko “gizartearen konplizitatea” bilatu behar dela, hain zuzen, “komunikabide, irakasle, idazle, erakunde eta bestelako erabiltzaileekin”.
Hiztegi berria argitaratu zenetik kritika eta proposamenik jaso ote duten galdetu diotenean, hauxe erantzun du euskaltzainak: “200.000 kontsulta izan ditu EH-k bi hilabetetan, eta, jakina, jaso ditugu kritika, ohar eta proposamenak. Batzuk zentzuzkoak, bestetzuk ez hainbeste. Baina gu entzuteko gaude eta ongi etorriak dira denak. Hori bai, ez dugu Hiztegia jendeari ‘gustatzeko’ egiten, laguntzeko baizik”.
‘Notario’ lana
Mintegiaren bigarren atalean, Miriam Urkiak tresna berriaren ezaugarriak eta erabilpena azaldu ditu. Honela, BBKren laguntzaz argitaratu den bigarren edizio honek 37.884 sarrera eta 6.944 azpisarrera dauzkala esan du, hau da, “44.828 forma eta 61.398 adiera” (lehena izanda, 2012ko argitaraldiak 20.000 sarrera zituen). Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehenbiziko edizioa 2012an argitaratu zen, paperean soilik, liburuki bakarrean. “Oraingo hau askoz handiagoa da, lehenengoaren bikoitza, eta, gainera, paperezko bi liburukitan ez ezik Interneten ere kontsulta daiteke”, argitu du Hiztegi Batuko lantaldeko arduradunak.
Baina, nola hautatzen da hitz bat Hiztegirako? Eta zer nolako informazioa ematen du Hiztegi berriak? “Corpus diferenteak ondo-ondo aztertu eta zer erabiltzen den begiratu behar da, berba jakin bat nork erabili duen, nola, zenbat aldiz… Hori aztertu eta gero erabakia hartzen da. Beraz, EHn sartzen den hitzak erabilia eta hedatua behar du izan, beste gauza batzuen artean”, aitortu du Urkiak. “Guk notario lana egiten dugu –gaineratu du Sagarnak, gaiari eutsiz-, baina, hori bai, fidagarri ikusten ditugun hitzak baino ez ditugu onartzen. Galbahe asko erabiltzen ditugu, nahikoa estuak direnak. Esango dut, baita, Euskaltzaindia ez dagoela erabiltzen ez diren hitzak asmatzeko. Horretarako, agian hobe Euskalterm-era jotzea”.
Azkenik, Hiztegiak dakarrena agertu du Urkiak, erabilera digitalaren adibideak emanez eta erakutsiz (Euskaltzaindiaren webgunean egin daitekeena): “Hiztegi honek definizioak, azalpenak eta adibide ugari ematen ditu. Horrez gain, bilaketa egiteko modu bi daude, arrunta eta aurreratua. Hiztegi aberatsa da, eta, zentzu horretan, gramatika ikasteko ere aproposa izan daiteke".