Auto bat, hobeto esanda, “automobil izeneko katxarro zahar” bat. Gaua, iluna, “izarreztatua, baina batere ilargirik gabekoa”. Lanbroa tarteka. Autoaren barruan, “bigarren mailako hiru euskaldun”, Mauletik Bilborako bidean. Nor bere buruaz mintzatzen, “euskal esperientziez” berba egiten... 70. hamarkadako lehen urteak. Francoren diktadura kolokan, baina haren itzala beruna baino pisutsuagoa oraindik, batez ere euskal gizartearentzat. Eta hiru euskaldun berriak euren egoerari bueltak ematen, autoaren barru-intimitatea lagun. “Euskaldun berriak primerako euskaldunak izateko gara”, dio hiruretatik zaharrenak. “Euskaldun jaiotzea kasualidade bat da”, “baina guk euskalduntasuna hautatu dugu”, agertzen du berak, harro. “Eta irabazi dugu”, gaineratzen du. “Euskera gurea da, geure bekokiko izerdiarekin irabazi dugu. Gu euskaldunak gara, eta ez kasualidade bategatik, gure borondatearen hautaera libre eta neketsu bategatik baizik”.
“Masoneri-antzeko gorputz bat” osatzen dute hiru euskaldun berriek, eta badoaz, paisaia beltzari so, euskal herrietan barna. Berba eta berba, euskara ikasten bizi izandako nekeak aletzen eta trukatzen dituzte, konpartitzeak trauma zertxobait baretuko duela pentsatuz, akaso. Gabriel Aresti, Andolin Eguzkitza eta Xabier Kintana. Hiru euskaldun berri burutsu, kontziente. Maisuen falta, liburuen eskasia, “euskal intolerantziaren izugarriaren izugarria” eta beste mila zehaztasun aireratzen dira solasaldian. “Zenbat ikasi behar ukan nuen gero desikasi eta ahazteko...”, gogoratzen du hiruretatik beteranoenak. Eta, orduan, gazteenak (Eguzkitzak) euskara urte betean ikasi duela botatzen du, tupustean. “Baina, hi munstro bat haiz”, diote beste biek, aldi batera.
Gabriel Arestik anekdota eder hau kontatzen zuen Anaitasuna aldizkariaren 199. zenbakian, 1970. urtean, hainbestetan profetizatu zuen etorkizuneko Euskal Herria gorpuztuta ikusi baitzuen Andolin Eguzkitza gaztearen jardunean. “Hasi nintzen kontatzen”, dio idatzian Arestik, “munstro bat, bi munstro... bi milioi munstro, denak ere lagun Andolin Eguzkitza mutil gaztearen fedearekin eta nobleziarekin. Eta, behingoz, zoriontsu sentitu nintzen ni ere”.
Bidai hartan Eguzkitzaren eta Arestiren ondo-ondoan zegoen Xabier Kintanak ere pairatu zituen gabezia guzti horiek, bere garaian, baita beste bien ilusio eta amets berdinak konpartitu ere. 60. hamarkadatik euskalgintzak izan duen eboluzioa hurbiletik jarraitu eta bizi izan du euskaltzain bilbotarrak, bere neke eta poztasunekin. Baina oraindik ez dago ase, eta jarraitzen du euskara eta euskal kulturaren aldeko borrokan, Sisifo txiki bat bailitzan, erdal munduaren erdigune ezagun batetik, hain zuzen, Bilbotik. Kintana ezagutzen dutenek bat datoz epaian: “Ez da erraz errenditzekoa”.
Eragile, maisu eta lekuko
Andres Urrutia euskaltzainburuaren ustez, “euskara helburu eta bilbotartasuna ezaugarri, Xabier Kintana dugu, ezbairik gabe, euskalgintzaren eragile, maisu eta lekuko paregabea". Sagrario Aleman euskaltzainak ere "Euskaltzaindiaren enbaxadorea” dela dio, “kultura handiko gizona, bertoko zein kanpoko kulturak ezagutzen dituena, atzerriko hizkuntzalariekin harreman handia daukana”. “Hemen ere harreman-sare handia egin eta mantendu du -zehazten du nafar irakasleak-, Bilboko egoitzara datozenei Euskaltzaindia erakutsi eta gure kultura eta hizkuntzari buruz hitz egiteko prest dagoela, beti. Kontalari oso ona da, badaki erakartzen eta transmititzen, zahar zein gazte. Eta euskaltzale sutsua da, bihotzetik maite du euskara, eta asaldatu egiten da, maiz, euskararekin egiten diren astakeriekin”.
Adolfo Arejita euskaltzainak zehatzago jo du, adibide esanguratsuak aipatuz: “Xabier Kintana Bilboren berreuskalduntze bidean eta euskara batuaren sendokuntzan izan dugun lekuko adierazgarrienetakoa dugu Bilboko Hirian. Hasi 1968ko Arantzazuko Biltzarretik eta gaurdaino, urte luzeetan neke gabe ekin dio euskara modernotze, edertze eta gizarteratze ahaleginean, harako Etxepareren Euskara, jalgi hadi plazara on egin nahirik”. Bere iritziz, “euskararen eskubideak eta gizarte erabilera bultzatzeko ahaleginean luzaroan jardun izanaren esker onez, ondo merezia du Bilboko Udalak 2016ko urte hondar honetan egiten dion aitormena”.
Txomin Peillenek ere aspaldidanik ezagutzen du bilbotar euskaltzalea, Anaitasuna aldizkariaren garaietatik. “Anaitasuna eta bere liburuen bidez”, zehazten du. “Aparteko euskaltzalea” dela aitortzen du, besteek nabarmendu ez duten kontu bat aipatzen duela, hain zuzen, Kintanaren umorea: “Talentua dauka hitz egiteko, eta umoretsua da. Pazientzia badauka, baina bere ideietan irmoa da”. Azkenik, “euskal hedabideetan urte luzez eginiko lana” ere aipatu du euskaltzain emerituak.
Adiskideen adiskide, gizon 'planetarioa'
Joseba Agirreazkuenaga ikerlari eta historialariak ondo ezagutzen du bilbotar euskaltzaina eta, lehenengo eta behin, bere gizatasuna nabarmentzen du: “Xabier adiskidea dugu bereziki, adiskideen adiskide. Langile adoretsua, abere guztien lagun eta babeslea. Eta azken honek asko balio du gure mundu honetan giza abereen arteko lankidetasuna eta laguntasuna behar dugun planeta komun honetan”. Euskaltzale profila ere ez du ahaztu nahi: “Euskaltzale delako, beste herri eta hizkuntza askoren maitale izanik, planetarioa ere bihurtu zaigu. Euskaldunok nazio kultuen zerrendan egoteko, Manuel Larramendik euskal gramatika eta hiztegia asmatu zituen eta abendu honetan 250 urte hil zela gogoratu ahala, gure Xabier euskaltzaletasun apologetikora soilik mugatu barik, euskaltasun praktikoaren ikur izan zen Anaitasuna aldizkarian, hizkuntzaren estandarizazioan eta horretan dirau beste hainbat egitasmotan”.
Antzerako iritzia du Laura Mintegi idazle eta EHUko irakasleak: “70. hamarkadan euskararen panoraman indarrez sartu zen enfant terrible hartatik oraindik ere gelditzen zaizkio edozerekiko jakin-min mugagabea, pasioa eta bihurrikeria apurra, eta oraindik ere igar daiteke txunditzea maite duen mutiko harroxkoa”. “Urteek, baina, jakinduria eta eskarmentua eman dizkiote -erantsi du-, ezuste larriak osasun arloan eta familia ugaria, eta horiekin batera goxotasuna, pazientzia (apur bat) eta adiskide leialak. Euskaldun gurakoei azaldu zigun euskaldun beteak izan gintezkeela. Ez da gutxi. Horretxegatik, eta baldintza bako bere adiskidetasunagatik, badaki berak eskertuta izango natzaiola betiko”.