Ana Ollo Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak akordio berri bat izenpetu dute, gaur, Iruñean. Akordioari esker, Nafarroako Gobernuak 96.100 euro emango dizkio Akademiari, 2016an eginiko egitasmoak bideratzeko erabiliko den diru-kopurua. Batez ere, honako proiektu hauek finantzatzeko erabiliko da dirua: Euskal Corpus Onomastikoa; Nafarroako toponimia eta euskararen araugintzari dagozkion txostenak; eta Mendaur bildumako Amiküze eskualdeko euskara liburuaren edizioa.
Izenpetzearen ostean, Ana Ollok aitortu du 1918an, “besteekin batera”, Euskaltzaindia sortu zuela orduko Nafarroako Diputazioak. Gogoratu du, baita, hortik aurrera eten bakoa izan dela bi erakunde hauen arteko lankidetza. “Lan askotarako, zuen laguntza eta babesa izan dugu -adierazi du Ollok-, eta sinatzen dugun hitzarmenak babes hori berresten du, euskal hizkuntza ikasteko eta garatzeko, Akademiak orain arte egiten duen lana egiten jarrai dezan”. “Ez dugu nahi kultur altxor gisa uler daitekeen hizkuntza bat, laborategi filologikoetan ikasten den altxor bat, eta, horregatik, aurrerantzean ere zainduko dugu gure hizkuntzaren estatusa”.
Kontseilariak gaineratu du Euskaltzaindia bezalako erakundeekin kolaborazioa mantendu eta normalizatzeko konpromisoa duela Nafarroako Gobernuak: “Hitzarmen honek normalizaziorako eta lankidetzarako dugun konpromisoari erantzuten dio, hain zuzen, euskara garatzeko eta aztertzeko konpromisoari”.
Bere aldetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak akordio berriaren garrantzia eta pisua azpimarratu du: “Ia ehun urtetan Nafarroako Gobernuarekin izan dugun elkarlana berresten du hitzarmen honek. Aldi berean, gogoratu du Akademia batek “gizarte baten, hizkuntza baten eta kultura baten zerbitzura” egon behar duela, eta, horrela ez bada, “erakunde horrek ez daukala inolako baliagarritasunik”. Zentzu horretan, Urrutiak adierazi du Euskaltzaindia euskal gizarte osoaren zerbitzura dagoela, elementu guzti horiek ondo gogoan dituela. Kasu honetan, “Nafarroako ondarea eta eguneroko errealitatea osatzen duten hizkuntzak”.
Nafarroako Gobernuak 96.100 euro eman dizkio Euskaltzaindiari, 2016ko egitasmoak bideratzeko
Bi erakundeek gaur izenpetu duten akordioak honako proiektu hauek bultzatzen ditu: Euskal Corpus Onomastikoa; Nafarroako toponimia eta euskararen araugintzari dagozkion txostenak; eta Mendaur bildumako 'Amiküze eskualdeko euskara' liburuaren edizioa.
Ana Ollo Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak esan du Euskaltzaindia bezalako erakundeekin kolaborazioa mantendu eta normalizatzeko konpromisoa duela Nafarroako Gobernuak. “Hitzarmen honek normalizaziorako eta lankidetzarako dugun konpromisoari erantzuten dio, hain zuzen, euskara garatzeko eta aztertzeko konpromisoari”.
(Andres Urrutia euskaltzainburua eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria)