'Erlea' aldizkariaren 10. zenbakia aurkeztu da, gaur, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan. Bernardo Atxagak zuzendutako lauhilabetekariak ibilbide oparoa egin du 2009tik, dozenaka kazetari, idazle, antzerkilari, zinegile, artista eta euskaltzaleen lanak bilbatu eta ezagutarazi dituela tarte honetan. Atxagak agindu zuen aldizkari “profesionala” izango zela 'Erlea', zenbaki bakoitzak “atmosfera” jakin bat izango zuela, eta horretan tematu da zenbakiz zenbaki. Akademiak hasieratik babestu zuen proiektua, eta Pamiela argitaletxeari eman zion aldizkaria editatzeko ardura. Honela, edizioaz arduratu dira, batez ere, Asun Garikano eta Txema Aranaz.
Mendebalde urruneko istorioak eta kontakizunak jaso zituen hasierako zenbakiak, eta oraingo honek antzerkia du hizpide eta ardatz, betiko bestelako sekzioak errespetatzen direla (Erretratuak, Euskararen munduan, Ipuinak, Poesia, Foroa...). Ale biribil honetan badira elkarrizketak (esaterako, Ander Lipusi Agus Perezek egin diona; edo Klara Badiolari Miel A. Elustondok egindakoa); badira antzerki piezak (Patxo Telleria eta Aizpea Goenagarenak); badira poema, liburu-kritika eta bestelako artikulu ugari. Beste behin, aldizkariak emanen du zer irakurri, zer aztertu eta zer hausnartu.
'Erlea' zehatza, zabala, iradokitzailea, 'Erlea' sentibera eta konprometitua, arnasgune, kolore askoko 'Erlea', 2009tik helburuak aldatu ez dituen aldizkari txundigarria. “Niretzat, helburu nagusia beti izan da bat bakarra -esan du Bernardo Atxagak gaurko aurkezpenean-, hau da, euskal mundua, euskaraz aditzera ematen den mundu hori, euskara darabilen mundua oso zabala dela, hedadura handikoa dela, unibertso oso bat dela erakustea. Euskaldun askok ez du hori ikusten, ikusten dute zerbait txiki edo urria, ikusten dute panpinatxo bat euskal kulturan, baina nik bidali nahi diet mezu bat: barkatu, baina panpina zeure buruan dago, urritasuna zeure buruan dago, txikitasuna zeure buruan dago, eta ondotxo dakigu ezin dela atera ur handirik txongil estutik”.
Euskal mundua bere zabaltasunean hartzetik aparte, bestelako lerro batzuk ere markatu zituen asteasuarrak hastapenean: “Zenbaki bakoitzak narrazioa bat dauka, atmosfera moduko bat, motibo txikiak, keinu ñimiñoak, bateratasun bat ematen diotenak. Eta ondo editatuta dago, ingelesez editatu hitzak daukan zentzuan, ez azaletik begiratuta, baizik eta modu arduratsuan, egileekin hartu-eman estua izanez. Hor lan izugarria egin du nire lagun Asun Garikanok”. Ondoren, 'Erlea'ren ibilbidean izan diren mugarri inportante batzuk aipatu zituen Atxagak, tartean, Seamus Heaney poeta irlandarrak aldizkarirako propio idatzitako testua.
Azkenik, 10. zenbakiak emandako ezuste bat aitortu zuen idazle eta euskaltzainak, euskal antzerkiari berari dagokiona. “Ikusi dugu, ale hau osatu bitartean, oso-oso bizirik dagoen mundua dela teatroarena, jende 'entrenatua' da, bizi-bizia. Harrituta geratu naiz horrekin. Horregatik, mundu hori barru-barrutik ezagutu nahi izan dugu, askotan euskal kulturaren kanpoko begiradak baino ez direlako eskaintzen gurean”.
Bere aldetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak 'Erlea'ren apustua berretsi du gaurko agerpenean: “'Erlea' bi digituen munduan sartzen da zenbaki biribil honekin, eta behin proiektu hutsa zenak lortu du, urtez-urte, aurrera jarraitzea. Guztion lanarekin, 'Erlea' erreferente bihurtu nahi dugu euskal kulturan eta euskal argitalpengintzan, eta Atxagaren laguntzaz lortuko dugu, astiro-astiro”.