"Aktore bizitza glamourosoa da... edo ez.
Aktore bizitza bohemioa da... edo ez.
Aktore bizitza alperren bizitza da... edo ez.
Robert De Niro aktore handia behin New Yorkeko Arte Dramatikoko eskola batera gonbidatu zuten, ikasketak bukatu zituzten ikasleei lortutako titulua banatzera. Hona, gutxi gorabehera eta bertsio librean, zer esan zien De Nirok ikasleei: «Earki, neska-mutilak, azkenean lortu duzue zuen ametsa egia bihurtzea, zorionak! Aktoreak zarete! Interpretatzen, dantzatzen, kantatzen, ahotsa lantzen, musika instrumentu bat jotzen, testuak aztertzen, pertsonaiak sortzen, inprobisatzen, eta Stanislavsky Poloniako futbol selekzioko ezker hegaleko aurrelaria ez dela ere ikasi duzue. Ehun eta berrogeita hamar ikasle hasi zineten duela lau urte Arte Dramatikoko eskola honetan eta gaur zazpik bakarrik jasoko duzue titulua, beraz, zorionak, OSO aktore ONAK zarete! ONENAK!! Horrexegatik, hauxe esan nahi dizuet: gaurtik aurrera izorratuta zaudetela. OSO IZORRATUTA gainera. Gehiago esango dizuet, beti eraman beharko duzue soinean FRAKASUA hitza idatzita daukan kamiseta. Izan ere, beti izango duzue frakasua alboan. Nahiz eta zuek oso aktore onak izan, ez da behin ere zuen eskuetan egongo lana egin ahal izatea. Castingetara aurkeztuko zarete, castingetan sekulako interpretazioak egingo dituzue..., baina, hala ere, lanik gabe itzuliko zarete etxera. Gurean, interpretazioaren munduan, dirua jartzen duena, alegia produktorea, beste zerbaiten bila ariko baita, justu zuek ez zareten hori: gazteagoa, ilehoriagoa, altuagoa, gizenagoa, helduagoa... Medikuei, abokatuei, ingeniariei, erizainei ez zaie hau pasatzen. Beraien ikasketetan onenak izan direnek lana izango dute. Horregatik diotsuet berriro: izorratuta zaudete! Zuek aktore zarete gaur egungo munduaren parametroetan ez duzuelako pentsatu (hipoteka, kotxe on bat, asegurua...). Aktore zarete pasio bati jarraitu diozuelako, eta pasioei jarraitzea zoragarria delako!». De Niroren hitz gordin hauek entzunda, aktore hasiberriak bi aukera dauzka: telefono deiaren zain egotea edo aktore-produktore izatea bere buruari lana emateko.
Hala ere, nola ez egon konforme De Nirorekin. Esaten duenarekin, eta batez ere, esateko duen moduarekin, alegia interpretazioarekin (youtuben duzue ikusgai). Izan ere, hauxe baita gure lanaren funtsa, paperean idatzita dagoen horri bolumena eta emozioa ematea. Paperean idatzita diot, ze askotan jendeak uste baitu aktoreok, batez ere komedia egiten dugunean, testua asmatu egiten dugula, inprobisatu egiten dugula dena, eta hori ez da egia. Aktoreok BETI testu baten gainean lan egiten dugu, baita mimoek ere, eta testu horrekin jolas egiten dugu.
Izeba Gertrudis, nire aitaren izeba, urtean behin etortzen zen gure etxera bisitan. Hankak oker-oker eginda zeuzkan, eta poltsa handia eskuetan zuela arratsalde-pasa etortzen zen gurera. Kafesnea eta pastak jan, Goya ardo goxo kopaxkaren bat edo beste edan, eta hantxe aritzen zen isildu gabe. Hizketan hasten zenean ere kuriosoa zen, bai ahotsagatik eta baita bere hitz-jarioagatik ere.
Geroztik, ume nintzenetik, jolas modura, gure etxeko zelebrazioetan, bazkal edo afalondoren, pelukaren bat jantzi, poltsa eskuekin heldu, eta izeba Gertrudisen imitazioa egiteko eskatu izan didate..., eta nik gustura egin ere! Familia osoak barre egiten zuen eta ni, jakina, harro. Horiexek izan ziren nire lehenengo aktuazioak, etxeko sukaldean zegoen nire publikoa eta han jaso nituen nire lehen txaloak... Izan ere, aktoreok txaloak jaso nahi ditugu, horregatik aktuatzen dugu, horrela baloratuak sentitzen garelako. Denoi gustatzen zaigu zerbaitetan onak garela entzutea. Nik abilezia hori banuen nonbait, eta hori zen denen aurrean luzitzeko nire modua. Gerora, handik hamar bat urtera, Elena literatura irakasleak antzerki ikastaroa antolatu zuen institutuan, eta nik izena eman. Ikastaroan landutakoa jende aurrean erakutsi, eta han ere txaloak. Tanttaka teatro taldekoek segituan jarri gintuzten lanean herriz herri (gogoan dut bost mila pezeta jasotzen genituela emanaldi bakoitzeko), eta jolasean ofizioa ikasi genuen. Garai hartan Antzerti eskola bazen eta lana eta ikasketak batera egiteko aukera izan genuen, jolasa eta konpromisoa uztartu genituen, beraz.
Hogeita hamabost urte pasa dira. Literatura irakasle harengatik, nire alabei eskolan bere aitaren lanbidea zein den galdetzen dietenean AKTOREA idazten dute. Denok behar dugu bultzadatxo bat gerora gure bizitza markatuko duen pauso garrantzitsu hori eman ahal izateko. Izan ere, zein inportantea den momentu egokian irakasle on bat izatea ondoan! Aktore izateak neure buruaz deskantsatzeko aukera eman dit, jolasaren bitartez emozio batetik bestera pasatzeko aukera, talde-lanean aritzeko aukera, medio desberdinak ezagutzeko aukera (antzerkia, irratia, zinea, bikoizketa, publizitatea, telebista...), eta, batez ere, jendearen emozioz beteriko esker ona jasotzeko aukera.
Aktore bizitza lanbide zoragarria da!... edo ez."