Oraintsu, Okzitanieraren Arango Akademiako lau kide etorri dira Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzara. Plaza Barriko eraikuntza bisitatu ondoren, Akademiaren Osoko bilkuran parte hartu zuten, bai eta euskarazko sarrera-hitzaldia irakurri eta zenbait euskaltzainen harridura piztu ere. "Guretzako garrantzitsua da enkontru hau", aitortu zion Plazaberri-ri Jusèp Loís Sans Socasau Okzitanieraren Arango Akademiako presidenteak. "Geure burua ezagutzera eman behar dugu eta mailarik altueneko hartu-emanak eduki, batez ere beste akademia batzuekin. Estatu espainiarrean ez daude hainbeste, eta garrantzitsua da elkar ezagutu eta laguntzea", gaineratu zuen Sans Socasauk.
Okzitaniera edo oc hizkuntza (occitan, lenga d'òc) Okzitania izeneko kultur eskualdeko hizkuntza erromanikoa da eta, Frantziako Estatuan, Loira ibaitik hegoaldera hitz egiten da, bai eta Italiako Alpeetako zenbait ibarretan eta Aranen (Katalunia) ere -hemengo aldaera "aranera" deitzen da-. Euskal Herriari dagokionez, garai batean Baiona, Biarritz eta Angelu aldean ere hitz egiten zen eta, orobat, Nafarroa Behereko iparraldeko herri batzuetan.
"Trobadoreen hizkuntza da okzitaniera -azaldu zigun Sans Socasauk-, beraiek prestigioa eman zioten eta Europako literaturan ospe izugarria izan zuen". Erdi Aroan agertzen den latin arruntaren hizkuntza da okzitaniera, 200.000 metro karratuko lurraldea hartzen duena (Frantziaren herena eta Kataluniako zati txiki bat). "Arango ibarra eta hango aldaera ordezkatzen dugu guk -adierazi zuen presidenteak-, hamar bat mila pertsonak hitz egiten dutena". Hala ere, kontzeptuak ondo zehaztu nahi izan zituen: "Guk okzitanieraren aldaera bat -ez du dialekto hitza entzun nahi- hitz egiten dugu, Arango okzitaniera, baina Arangoa esaten dugunean okzitaniera esaten ari gara. Gauza berdina da, baina gu geure aldaeraren defendatzaile sutsuak gara, arbasoek utzi zigutelako, gure lurraldean berba egiten dena delako. Hori bai, kohesio-planteamendu bat ere defendatzen dugu, eta okzitaniera da, ezinbestez, gure hizkuntza estandar edo erreferentziala".
Aitortu zuen, baita ere, beraien aldaerak duen babes juridikoa: "Seguruenik, gurea da juridikoki aldaerarik babestuena, baina hala ere zailtasun handiak ditugu, ordezkatzen duguna lurralde txikia delako. Edonola ere, eta neurri batean, pribilegiatuak gara: Katalunian 65.000 elkarte daude, 2.500 fundazio eta bakarrik 12 akademia. Gurea da gazteena, eta juridikoki Euskaltzaindiaren edo L'Institut d'Estudis Catalans-en maila berean dago. Gure aldaeran agintzen dugu guk, eta okzitaniera estandarrean ere aholkulariak eta autoritatea gara".
Kataluniako Gobernuak sortu zuen 2014an Okzitanieraren Arango Akademia, eta dagoeneko badituzte proiektu batzuk esku artean. "Juridikoki gauzatu, estatutuak idatzi, Akademia bera egituratzen egin genuen urtebete inguru, eta esan daiteke 2015eko urtarrilean hasi ginela funtzionatzen, ofizialki, 2015eko uztailaren 10ean osotu ginela". Mementoz, hamabost akademikok osatzen dute erakunde gaztea, eta bi ataletan banatuta dago: Arango aldaera eta okzitaniera estandarra. Akademiak aurten aurkeztu ditu aurreneko argitalpen arauemaileak. "Arango aldaeraren oinarrizko gramatika argitaratu dugu -azaldu zuen presidenteak-. 1983an publikatu ziren arau ortografikoak, eta erabilera zabala izan dute. Inork ez zuen horrelakorik espero, baina ordutik ez da ezelako dokumentu arauemailerik publikatu. Aurrerapauso handiak egin dira azken urteotan, garai batean Arango aldaerak bazuelako babes berezi bat, baina hortik gora ezer gutxi. Dokumentu hori publikatu zen arte, erabakiak 'borondate onez' hartzen ziren, nolabait esateko, eta 83an hartu ziren erabaki asko guk arau bihurtu ditugu, gizarteratu direlako, hein handi batean".
Hezkuntzan ere lan zorrotza egiten ari dira, Akademiako kidea den Ròsa Maria Salgueiro idazkariak aitortu duen moduan: "Ikastetxeetan aranera da hizkuntza nagusia, derrigorrez ikasi behar da eta gaztetxoen murgiltzea erabatekoa da. Garai batean, ordubeteko saioak baino ez ziren egiten ikastetxeetan; beraz, aurrerapena izugarria da. 90eko hamarkadatik aurrera hasi zen erabateko murgiltze prozesua". Bitartean, herriak mantendu du bizirik aranera, Akademia berriko kideek diotenez. "Kaleko jendeak eta irakasle batzuek mantendu zuten bizirik aranera. Gaur egun, irakasleek lau urteko formazioa daukate eta ezinbestekoa dute aranera jakitea ibarrean lan egin nahi badute". "Horretarako, funtsezkoak izan gara Lehen Hezkuntzako irakasleak -gehitu zuen
Miquèu Segalàs Mir Akademiako bozeramaileak-, guk sortu baitugu material guztia, ikasle eta irakasleentzako liburuak".
Beste egoera batean dago okzitaniera Frantziako estatuan, Sans Socasauk gogoratu duen moduan: "Han ez dago babestua, ez, eta Errepublikak euskararekin duen jokabide bera dauka okzitanierarekin: badira eskola elebidunak, baina ez dago inolako babes legalik. Han ere, herri elkarteek mantendu dute bizirik transmisioaren soka".
Okzitanieraren Arango Akademiak hiru argitalpen plazaratu ditu azken hilabeteotan: okzitaniera estandarraren ortografia bat; Jacme Taupiac-en lan interesgarri bat ('Per escriure l'occitan'); eta okzitaniera estandarraren eta Arango aldaeraren arteko erlazioa deskribatzen duen azken lan bat, "filosofia linguistikoa", Jusèpek argitzen duten moduan. Etorkizunerako, hiru dokumentu berri argitaratu nahi dituzte: J. Corominasen sintaxiaren egokitzapen bat; Josep Condó-ren hiztegia; eta Hiztegi Oinarrizko edo orokor bat. "Eta, jakina, dirua lortu nahi dugu gure proiektuak bideratzeko. Hasi baino ez gara egin, baina gogotsu gaude", agertu zuen presidenteak.