Laurehun lagunetik gorako soka Arriagan, irakurketa bat eta ehunka ahots. Hori da urtero-urtero Bilbo Zaharra euskaltegiak eskaintzen duena, udaberriko hondarretan eta Arriaga antzokiko foyer espazioan. Klasikoen Irakurraldi etenik bakoak arrakasta handia izaten du; aurretik, baina, hiru Forum antolatzen dituzte euskaltegiko arduradunek, ekaineko data handia hauspotu guran. Horietako lehena datorren astean bertan abiatuko da, 'Estereotipoetatik ihesi' lelopean eta Euskaltzaindiak babestuta.
Honela, denboraldiko lehen Foruma Koldo Izagirrek emango duen berbaldi batekin hasiko da. Idazle pasaitarrak titulu zirikagarria jarri dio hitzaldiari: 'Euskara akabatzeko euskal metodo batzuk'. Hitzordua, azaroaren 14an, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan (Plaza Barria, 15), iluntzeko 19:00etan.
Azaroaren 15ean, ordu berean, Ur Apalategi idazle eta irakaslea eta Aingeru Epalza idazle eta itzultzailea arituko dira ('Iparra/Hegoa, erdigunea/ periferia'), eta 16rako (19:00etan, baita) Maddi Oihenart kantariaren eta Xabier Kalzakorta euskaltzainaren arteko solasaldia iragarri dute.
2001. urtetik antolatzen ditu Forum desberdinak Bilbo Zaharrak, Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmenaren laguntzaz.