Urtero, Euskaltzaindiak euskararen egoera aztertzeko Jagon jardunaldia antolatzen du. Aurten, Euskal Konfederazioarekin batera, Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen egoera gogoetatzea deliberatu du, non eta Baionan bertan.
2006an, hizkuntza politika publikoa egituratzen hasi zen. Halarik ere, euskal hiztunen kopurua eta euskararen erabilera ttipitzen ari dira. Egoera hori iraulezina ez bada ere, baitezpadakoa da instituzio maila guztiak hizkuntza politika berri ausartean engaia daitezen. Datorren urtarriletik goiti, Euskal Elkargoaren sortzearekin hizkuntza politika berri hori garatzen hasteko garai ezin egokia dugu. Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak gizarte eragileei eta erakundeetako kideei hitza ematen diete garai berri horretan euskararen geroa nola irudikatzen duten azal dezaten.
Euskal Konfederazioa
Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duten elkarte eta federazioen bilgunea da. Iparraldean euskarak bizi duen egoeraren aurrean eraginkorragoak izan nahian, arlo desberdinetan bere alde diharduten elkarte ugarik erabaki zuten konfederazio izena hartu zuen egitura ez ofizial honetan koordinatzea. Kideen artean eremu anitzetakoak daude: irakaskuntza (Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska...), helduen euskalduntze-alfabetatzea (AEK), hedabideak (Euskal Irratiak, Berria), material pedagogikoak sortzen diharduen Ikas, aisialdikoak (Udaleku), eta kultur arloko bestelako elkarteak.