Atzo jakinarazi zuen Espainiako Kultura Ministerioak 2015eko Itzulpen Onenaren saria Luis Baraiazarra Txertudi ohorezko euskaltzain eta idazle karmeldarrak irabazi zuela, Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaratzeagatik. Jakina denez, eta ordu batzuk beranduago, Ministerioak berak ezeztatu zion saria Baraiazarrari, idazle meñakarraren lan mamitsuak ez zuelako betetzen sariketaren baldintzetako bat, hots, atzerriko hizkuntza batetik gaztelaniara, katalanera, galizierara edo euskarara itzulitako lana izan behar duela sariketan parte hartzen duena.
Honen guztiaren harira, Akademiak adierazi nahi du Ministerioan aurkeztu zuela Luis Baraiazarraren itzulpena, garaiz eta tentuz, eta Ministerioak itzulpena onartu zuela lehen galbahe horretan, ondoren, epaimahaikoei igorriz. Esan behar da lehen galbahean Ministerioak kanpoan utzi zuela lan bat, Xoán Abeleirarena, deialdiaren oinarriak ez betetzearren.
Zentzu honetan, Euskaltzaindiak uste du Hezkuntza eta Kultura Ministeriotik jaso den albistea ustekabe latza dela euskal letrentzat. Dena den, Andres Urrutia euskaltzainburuak uste du “modu positiboan” hartu behar dela gertatutakoa. “Atsekabetuta gaude, jakina, batez ere Aita Luisengatik, baina, horrez aparte, Baraiazarraren moduko itzultzaile apartak eta horien lana beti aldeztuko du Euskaltzaindiak, euskal kulturaren ikusgarritasuna bermatzeko. aurrera jarraitu beharra baitago langintza horretan”. “Gertaerak gertaera -gaineratu du Urrutiak-, euskarazko Santa Teresaren idazlan guztien bertsioa beti izango dira erreferentzia bikaina euskal itzulpengintzan”.