Asteburu honetan, urriak 22 eta 23 dituela, Emile Larre eta Teodoro Hernandorena omenduko dituzte Xalbadorren Egunean. "Larre zein Hernandorena, biak ziren bertsozale amorratuak eta ekintzaile apartak", esan dio Joxe Mari Iriondok Plazaberri-ri. Iriondo, kazetaria eta ohorezko euskaltzaina izateaz gain, Deiadarra taldeko kidea ere bada. 2004tik, talde honek antolatzen du Xalbadorren Eguna, Urepelen egiten dena, urtero-urtero, udagoien partean. "Xalbador hil, 1976an, eta berehala hasi zen Euskaltzaleen Biltzarra omenaldia antolatzen. 1977an egin zen lehena, baina Biltzarraren lekukoa Joxemari Aranaldek jaso zuen segidan. 2003ra arte antolatu zuen, bakar-bakarrik eta askotan bere poltsikotik dirua jarrita. Eskuzabala zen Aranalde eta lan ikaragarria egin zuen Xalbadorren Eguna zabaltzen. 2004an Deiadarra arduratu zen antolaketaz, eta horretan jarraitzen dugu, Udalaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako aldundien laguntzarekin. EiTBk ere laguntzen digu, publizitatea eginez, eta Euskaltzaindiaren babes osoa daukagu. Guretzat garrantzitsua da Akademiaren itzala eta hauspoa”, esan du kazetari eta euskaltzale azpeitiarrak.
1977tik, Deiadarra elkartearen helburuak ez dira batere aldatu, hau da, “gure nortasuna eta Xalbadorrek utzi zaukun mezua bizirik atxikitzea Euskal Herri osoan”. Honela, Urepelen edozenbat ekintza antolatu dituzte. Larunbaterako, 21:00ean, Kepa Junkeraren emanaldia iragarri dute; 'Maletak' diskoa aurkeztuko du bilbotarrak, Sorginak taldearen laguntzaz. Aurretik (18:30ean), Aldudeko antzerki taldearen emanaldia ikusteko aukera izango dute bisitariek, Urepeleko eskolan egingo dena.
Igandean, goiz hasiko dira ekintzak. 9:00etan eta urtero legez, Xalbadorren etxola bisitatzeko txangoa antolatu dute; ostean, meza nagusia eta Joxemari Iriondoren hitzaldia (Emile Larre eta Teodoro Hernandorenaren bizitzak aletuko ditu kazetariak, Urepeleko eskolan); 11:30ean, Bilboko Salbatzaile dantza taldearen saioa, eta, ondoren, herri kirolak. Ordu bietan jarri dute bazkaria eta arratsalde parterako utzi dituzte bertsolariak eta erromeria. “Bazkari xumea izaten da, baina 300 bat lagun batzen ditugu urtero. Bertsolariei dagokionez, 'klasikoak' ekartzen ditugu, hara doan jendeak bertso molde hori entzun nahi duelako. Aurten ere gurekin izango ditugu Amets Arzallus, Xebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi”, aitortu du Deiadarreko kide beteranoak.
Joxe Mari Iriondok ondo ezagutzen ditu aurtengo omenduak, Larre eta Hernandorena, eta haien pasadizo ugari gogoratzen ditu: “Hernandorena Telenorten elkarrizketatu nuen, 1977an. Pentsa! Gainera, Hondarribian estropadak zeudenean, Herri Irratiko emisioak bere etxeko balkoitik egiten genituen. Gero, hilabetero elkartzen ginen Euskaltzaindiaren egoitzan. Larre arraina jateko gogoz etortzen zitzaigun, eta pilota kontuak izaten ziren maiz mahai-gainean. Pilota eta bertsolaritza, horiek ziren beraien ardatzak. Hernandorena pilotari bikaina izan zen. Badago argazki bat, non bera agertzen den paretan gora egiten, pilotaren atzetik, sotana airean zuela. Ikusgarria da oso!”.
Idazlea, irakaslea, antzerkizalea eta bertsolaritzaren sustatzaile aparta izan zen Emile Larre. Apaiz baxenabartarra, ezizenez Sokorri (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1926–Kanbo, Lapurdi, 2015), euskal idazlea, bertsolaria, euskaltzain osoa eta apaiza izan zen. Uztaritzen egin zituen erlijio-ikasketak Belarrea baserriko seme zaharrenak, eskolan sartu arte ez zekiela frantsesik (euskara zuen ama hizkuntza). Laborantza maite zuen, baina apaiztea erabaki zuen azkenik. Hori bai, laborantza-eskoletan aritu zen irakasle, urte luzez.
Gazte, Gogoa, Gure Herria eta Herria aldizkarietan idatzi izan zuen, eta Herria aldizkariko zuzendaria izan zen, 33 urtez (Piarres Lafitteri segida hartuz). Garai hartan, euskara gutxi entzuten zen Ipar Euskal Herriko apaizen artean, baina, hein batean, apaiz gazteen belaunaldi berriak joera hori aldatzea lortu zen. Zeregin horretan tematu ziren, besteak beste, Xarriton, Fagoaga anaiak, Bidegain, Iratzeder, Hiriart-Urruti eta Larre bera. Herrietako gazteen artean gure hizkuntza bultzatzeaz gain, euskarazko mezak ere ematen zituzten.
Ipar Euskal Herrian bertsolaritzaren sustatzailea ere izan zen Emile (Monzon, Hernandorena eta Larzabalekin batera), eta, horretxegatik, 1993an, Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak aita Santi Onaindia eta bera omendu zituen. Halaber, 1974. urtetik euskaltzain osoa izan zen (Euskaltzaindiko Ahozko Literatura Batzordean kide izan zen urte askoan).
"Bertsozalea zen eta Iparraldeko bertsolarien historia eta izatea ongi ezagutzen zuen", gogoratu du Joxe Mari Iriondo kazetari eta ohorezko euskaltzainak. "Xalbadorren Odolaren Mintzoaren lehenengo hitzaurrea berak idatzi zuen. Antonio Zavalak bazekien Urepeleko artzaina ondo ezagutzen zuela Larrek, eta horregatik eskatu zion hitzaurrea. Harreman ona zuen Baxenabarreko bertsolari eta idazleekin, eta maisukiro idazten zituen bertsoak, eta ederki kantatzen".
"Gizon apala eta maitagarria zen. Argia buruz, zabala bihotzez eta jarreraz. Eskuzabala eta zorrotza ere bai, baina maitagarria edozeren gainetik. Hutsune handia utzi zuen gure batzordean eta lagunen artean", adierazi du Joxe Mari Iriondok. Horrezaz gain, inoiz ez zuen ahantzi bere jatorria, ez zuen inoiz galdu laborari sena, bere herriarekin zuen lotura estua. "Eskolak eta ideia handiak ez dira aski; lurrarekin lokarri bat behar dugu", zioen Larrek, konbentzimendu osoz. Iazko maiatzaren 30ean zendu zen kulturgile baxenabartarra, itzalean edozenbat lan egin ostean.
Dentista euskalduna baino zerbait gehiago
Teodoro Hernandorena, aldiz, haginlaria edo dentista izan zen. “Dentista euskalduna, berak Argian jartzen zuen publizitateak zioen moduan”, gogoratu du Iriondok. “Berak 1935 eta 1936ko bertsolari txapelketen esperientzia bizi izan zuen -gaineratu du kazeteriak-, eta hori dena eraman nahi izan zuen Ipar Euskal Herrira. Mattin eta Xalbador lokalizatu zituen, eta beste 16 bertsolari ere bai, eta topaketa desberdinak egin zituen, Larre, Monzon, Labegerie eta Larzabal lagun zituela. Esaterako, 1958an egin zuten jaialdi bat, Parisen, eta aurretik hiru kanporaketa antolatu zituzten, Ezpeletan, Urruñan eta Donibane Lohizunen”.
Teodoro Hernandorena Zizurkilen (Gipuzkoa) jaio zen, 1898an, eta Donibane Lohizunen (Lapurdi) hil, 1994an. Kulturgile izan zen batez ere. Familian gaztelaniaz hitz egiten zuten eta kalean ikasi zuen euskaraz mintzatzen. Zaragozara medikuntza ikastera joan zenean piztu zitzaion euskaldun izatearen kontzientzia eta Basurtuko Ospitalean lanean hasi zenean murgildu zen giro abertzalean. EAJko Euzko Gaztedin izena eman eta handik lasterrera Gipuzko Batzarreko lehendakari izendatu zuten. Mitinlari modura ere nabarmendu zen, lan politikoarekin batera kultur sustatzaile ere aritu zela 1936ko Gerra aurreko urteetan.
Gipuzkoako Abesbatza sortu zuen eta Jesus Guridiren Amaya opera Bartzelonan ematea lortu zuen. Joseba Zubimendirekin batera, euskarazko lehen irratsaioa egin zuen eta buru-belarri sartuta ibili zen Euskaltzaleak, Eusko Pizkunde edo Eusko Nekazarien Bazkuna erakundeen sorreran ere. Berea da euskal abertzaletasunak propagandarako grabatutako lehen film luzea, Euzkadi izenekoa, 1933an Donostian estreinatua. Tamalez, Gerra Zibilean, Bilbo erori zenean, frankistek erre zuten kopia bakarra.
1936ko Gerraren ondoren, Bidasoaz bestaldera joan zen bizitzera. Iparraldean ere kulturgintzan jarraitu zuen eta lan handia egin zuen bertsolaritzaren sustapenean. Bera izan zen, besteak beste, Martin Treku Mattin eta Ferdinand Aire Xalbador bertsolariak plazara atera zituena.
Joxe Mari Iriondo: "Larre eta Hernandorena bertsozale amorratuak eta ekintzaile apartak izan ziren"
Astegoien honetan, kulturgile biak omenduko dituzte Urepelen, Xalbadorren Egunean
Kepa Junkera, bertsolariak, hitzaldi bat eta Salbatzaile dantza taldearen saioa iragarri dira 22 eta 23rako
(Mariano Izeta, Hernandorena eta Larre, 1992an, Bertsolari Egunean omendu zituztenean. BIDEGILEAK)
Idatzi iruzkina