Euskaltzaindiak Iruñeko kaleen izendegiaren euskarazko bertsioa aztertuko du laster. Udalak kontratu bat sinatuko du Akademiarekin, honek Iruñeko kaleen izendegiaren euskarazko bertsioa berrikusi dezan. Kale-izendegiaren inguruko hizkuntza-aholkularitza zerbitzu horrek -halakorik egiten den lehenengo aldia izango da- 12.000 euroko kostua izango du (BEZa barne) eta hiriko kale guztien izenak barne hartuko ditu. Datorren urteko ekainerako amaitzea aurreikusten da. Iruñeko Udalaren xedea da kale-izendegia ofizialki onestea gaztelaniaz eta euskaraz.
Kontratu berri honen bidez, Euskaltzaindiak kaleen izenak aztertzeaz gain, hizkuntza-aholkularitza lanak egingo ditu, eta argitalpenen aleak Iruñeko Udalari emateko konpromisoa hartzen du.
Erakunde aholku-emaile ofiziala
Iruñeko Udalak Euskaltzaindiari enkargua emango dio kontuan hartuz 1986ko abenduaren 15eko Euskararen Foru Legeak dioena: Foru Erkidegoan aplikatzekoak diren "hizkuntza arauak ezartzeko, Euskaltzaindia izanen da erakunde aholku-emaile ofiziala".
Gainera, espedientearekin batera doan txostenak honako hau dio: "Euskaltzaindia ere bada euskal hiztunen komunitateak ia bere osotasunean onartzen duen izaera zientifikoko eta linguistikoko erakundea, zeinaren esku uzten den euskara ikertu eta zaintzea, eta euskara batuaren eredua garatzeko proposamenak egiteko gaitasuna eta zilegitasuna aitortzen zaio, euskalkien ondarearen bizitasuna sustatzeko, eta, oro har, hizkuntzaren araztasuna, kalitatea eta batasuna behatu eta zaintzeko izaera linguistikoko gomendioak eta ekintzak planteatzekoa".