'Euskal Herria' izenari buruzko araua, gaztelaniaz eta frantsesez
Euskaltzaindiak 2004ko uztailaren 23an 'Euskal Herria izena' araua onartu zuen (139.a) eta, ondoren, argitara eman. Arau guztiekin gertatzen den bezala, honek ere azalpen testu bat du ondoan.
Aurrerago egindako zenbait ikerketa eta lanek, ordea, aukera eman zuten informazio gehigarria lortzeko, bai eta daturen bat zehatzago adierazteko ere. Ondorioz, Euskaltzaindiari bidezko iruditu zitzaion orduko azalpen testu hura egokitzea. Hori dela eta, aurtengo urtarrilaren 29an Donostian egindako Osoko bilkuran 139. arauaren azalpen testu eguneratua onartu zen, argi adieraziz arauan bertan ez zela aldaketarik egin.
Araua euskaraz argitaratu zen orduko hartan, baina orain, hainbat herritar, elkarte zein erakunderen eskaerei jaramon eginez, Akademiak araua eta bere azalpenaren nondik norakoak gazteleraz eta frantsesez ematea erabaki du.