Euskaltzaindiak zuzenean parte hartuko du Ondareari buruzko Europako Jardunaldien 16. edizioan. Guztira, 63 udal, 17 elkarte eta erakunde ofizial, 17 museo eta 50 kultur elkarte inguruk parte hartu dute aldi berriaren antolaketan eta, urtero legez, Bizkaiko Foru Aldundia izan da koordinatzailea.
Gainera, aurten estreinakoz mugak gainditzen dituzten jarduerak antolatu dira. Honela, Bizkaiak eta Islandiak bat egin dute iraganean elkarrekin konpartitutako esperientzia bat erakusteko: XVII. mendean, euskaldunon eta Islandiako ipar-mendebaldeko biztanleen arteko harremanak, hain zuzen ere.
Zentzu honetan, Euskaltzaindiak 'Euskararen aztarnak Islandian' hitzaldia eskainiko du, urriaren 18an (18:00etan). Gidor Bilbao izango da hizlaria eta XVII eta XVIII. mendeetan bi komunitateen artean garatu zen hizkuntza erraztu bati buruz arituko da, euskara-islandiera pidgina delakoaz, hain zuzen. Hizkuntza edo pidgin horrek 745 hitz dauzka, eta euskara, islandiera, frantsesa eta ingeleseko 745 hitz gordetzen ditu. Hitzaldian pidgin hizkuntzaz idatzitako testuak aztertuko dira eta euskal osagaiak beste hizkuntza batzuetatik eratorritako hitzetatik bereizten ahaleginduko da hizlaria.
Horrezaz gain, beste lau hitzaldi egingo dira Akademiak Bilbon duen egoitzan: Urriaren 20an, 'Etxetik kanpokoek leku-izenetan ezkutatu zizkiguten altxorrak' (Felix Mugurutza); urriaren 21ean, 'Barne emigrazioa mendebaldera, deituretan' (Mikel Gorrotxategi); urriaren 25ean, 'Euskaldun bi Amerikan: Daniel Lizarralde eta Florentzio Basaldua' (Kepa Altonaga); eta urriaren 27an, 'Urruneko mendebalean artzain: urrunekoa eta artzaintza baino askoz gehiago' (Amaia Jauregizar)
Euskaltzaindiak bost hitzaldi antolatuko ditu Ondareari buruzko Europako Jardunaldien 16. edizioan
Bilbon antolatuko dira mintzaldiak, Plaza Barriko egoitzan, urriaren 18, 20, 21, 25 eta 27an
Bizkaiko kultur ondarea zabaltzeko 300 jarduera inguru eskainiko ditu urrian zehar gauzatuko den egitasmoak
Idatzi iruzkina