Urriaren 16an egingo den Nafarroa Oinezen edizio berria dela eta, Lodosako ikastola bisitatuko du Euskaltzaindiak ostiralean, irailak 23 dituela. Aurretik, Lodosa eta Sartagudako alkateek harrera egingo diete euskaltzainburuari, Nafarroako euskaltzainei eta zuzendaritza batzordeko kideei, Lodosako Udaletxean bertan.
Hamaikak aldera, Akademiak zuzendaritza batzarra egingo du udaletxean, eta, horren ostean, Lodosako ikastola bisitatuko dute, zuzendariak lagunduta.
Jakina denez, Lodosan eta Vianan (Nafarroa) egingo da aurtengo Nafarroa Oinez. Gainera, historikoa da aurtengo aldi hau, lehenengo aldiz bi ikastolen elkarlanari esker egingo delako: Vianako Erentzun ikastola eta Lodosako Ibaialde ikastola.
Bi ikastetxeok Ebro ibaiaren mugan kokatuta daude, oso euskalduna ez den eskualde batean, eta inguruneko ikastolak eskualde honetan euskara berreskuratu eta normalizatzeko haziak dira.
Honela, Nafarroa Oinezeko lehendabiziko helburua euskarazko kalitatezko hezkuntza sustatzea da. Beraz, antolatuko diren ekintzak euskararen hedapena eta ikastola proiektua ezagutarazteko izango dira. Bigarren helburua bere garaian altxatu ziren eraikinek utzitako zorrak amortizatzea da eta, orobat, Ikastola proiektuaren eredu kooperatibistari jarraipena ematea.
Festa historikorako ere lema berria hautatu dute, Hartu, tenka, tira!; hain zuzen, sokatiran esaten diren aginduak. Antolatzaileen ustez, leloak “Oinez proiektua elkarrekin zuzentzeko deia adierazi nahi du, eta bestetik, ilusioa, gogoa, indarra eta esfortzua ere adierazten du”.
Erentzun ikastola (Viana)
Orain dela 35 urte eskualdean biziki errotuta dago eta integrazio eta sozializazio maila altua du. Vianako eta inguruko herrietako ikasleak biltzen ditu (Aras, Bargota, Santsol, Desoio, Logroño), lau hilabetetik Lehen Hezkuntza bukatu arte. Hamahiru irakaslek osatzen dute klaustroa eta ehundik gora ikasle dituzte.
Ibaialde ikastola (Lodosa)
Bi ikastolek (Muskaria eta Deizkaztelu) bat egitetik sortutako hezkuntza proiektua da. Hasieratik, seme-alabei hezkuntza euskaraz eman nahi zieten familia ugariren ilusio eta ahaleginarengatik atera zen aurrera eta horri esker kalitatezko proiektu egonkor bat garatu zen, bi urteko umeekin hasi eta Lehen Hezkuntza bukatu arte. Ibaialden 60 ikasletik gora daude eta zazpi irakasle ditu eta hartara Lodosa, Sartaguda, Andosilla, Mendabia eta inguruko beste herri batzuetako ikasleak joaten dira.