Etxepare Euskal Institutuak eta Université Bordeaux Montaigne unibertsitateak hitzarmen bat sinatu berri dute Bordelen, euskal ikasketak bertan sustatzearren. Hélène Vélasco-Graciet unibertsitateko presidenteak eta Mari Jose Olaziregi Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak eta unibertsitate alorreko arduradunak izenpetu duten akordioaren ondorioz, Jean Haritschelhar Katedra abian jarriko dute Bordeleko unibertsitate horretan, 2017. urtean.
Katedra berri honek Jean Haritschelharren ikerketa eremu izan ziren euskal ikasketak, bereziki literatura eta linguistika, eta iberiar ikasketak sustatzea du helburu, Haritschelharren beraren izpiritu izan ziren nazioarteko eta mugaz gaindiko harremanak bereziki zainduz.