2015eko Resurreccion Maria Azkue Literatura sarietan gailendu ziren ikasleen lanak argitaratu ditu Euskaltzaindiak. Akademiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu. “Akademiatik jarraituko dugu euskara eta literatur sorkuntzaren arteko zubiak eraikitzen”, agindu zuen Adolfo Arejita euskaltzain eta Iker sailburuak aurtengo sari-banaketa ekitaldian.
Jakina denez, bi genero saritzen dira Azkue lehiaketan, narrazioa eta olerkia, eta genero bakoitzak bi maila ditu: A maila, 10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat, eta B maila, 14 eta 17 urte bitartekoentzat. Horrela, A mailako narrazioan, Azpeitiko Urola ikastolako Edurne Bastidak lortu zuen lehen saria, Itsasoari begira lanari esker, eta olerkian, ikastola bereko Naroa Muñozek, Hareazko erlojua lanari esker. B mailari dagokionez, narrazioan Pasaia-Lezo Lizeoko Olaia Gerendiainek irabazi zuen 2015eko lehiaketa, Isiltasunean lagun lanarekin, eta olerkian, Altsasuko Bigarren Hezkuntzako Institutuko Idoia Granizok, Hitzak hots lanarekin.
“Adin hauetan neskak dira nagusi. Nik uste dut beraiek balore gehiago ematen diotela irakurri eta idazteari, eta mutilek bestelako kontuetan dabiltzala iruditzen zait. Baina gero, arduratsuagoak direnez, ikasketetan murgiltzen dira neskak eta literatura baztertzen dute, aurrerago berreskuratzen dutela, 25 urtetik gora, batez ere. Baina kontuz, hortik gora gizonezkoak izan direlako nagusi oraintsu arte. Azken hamar urteotan ez, joera nabarmen aldatu delako. Eta emakumezkoek hauspo berria eman diote euskal literaturari, ikuspuntu propio bat”. Honela hitz egin zuen Yolanda Arrieta idazle eta epaimahaikideak martxoan eginiko sari-banaketan, eta berbok ondo baino hobeto erakusten dute gaur egun gaztetxoentzako literatur sarietan gertatzen dena, hots, neskak direla nagusi.
Honela, aurreko urteetako tendentzia indartu da azken sariketa honetan ere, nesken esku geratu direlako golardo guztiak. Bestelako ñabardurak ere agertu zituen martxoko sari-banaketak. Batetik, gipuzkoarren nagusitasuna (12 saritik zortzi eskuratu zituzten), eta, bestetik, Iparraldeko gaztetxoen hutsunea. Beste lau sariak Nafarroa (2), Araba (1) eta Bizkaia (1) aldera joan ziren.