Emile Larre, ezizenez Sokorri (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1926–Kanbo, Lapurdi, 2015), euskal idazlea, bertsolaria, euskaltzain osoa eta apaiza izan zen. Uztaritzen egin zituen erlijio-ikasketak Belarrea baserriko seme zaharrenak, eskolan sartu arte ez zekiela frantsesik (euskara zuen ama hizkuntza). Laborantza maite zuen, baina apaiztea erabaki zuen azkenik. Hori bai, laborantza-eskoletan aritu zen irakasle, urte luzez.
Gazte, Gogoa, Gure Herria eta Herria aldizkarietan idatzi izan zuen, eta Herria aldizkariko zuzendaria izan zen, 33 urtez (Piarres Lafitteri segida hartuz). Garai hartan, euskara gutxi entzuten zen Ipar Euskal Herriko apaizen artean, baina, hein batean, apaiz gazteen belaunaldi berriak joera hori aldatzea lortu zen. Zeregin horretan tematu ziren, besteak beste, Xarriton, Fagoaga anaiak, Bidegain, Iratzeder, Hiriart-Urruti eta Larre bera. Herrietako gazteen artean gure hizkuntza bultzatzeaz gain, euskarazko mezak ere ematen zituzten.
Ipar Euskal Herrian bertsolaritzaren sustatzailea ere izan zen Emile (Monzon, Hernandorena eta Larzabalekin batera), eta horrexegatik, 1993an, Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak aita Santi Onaindia eta bera omendu zituen. Halaber, 1974. urtetik euskaltzain osoa izan zen (Euskaltzaindiko Ahozko Literatura Batzordean kide izan zen urte askoan).
"Bertsozalea zen eta Iparraldeko bertsolarien historia eta izatea ongi ezagutzen zuen", gogoratu du Joxe Mari Iriondo kazetari eta ohorezko euskaltzainak. "Xalbadorren Odolaren Mintzoaren lehenengo hitzaurrea berak idatzi zuen. Antonio Zavalak bazekien Urepeleko artzaina ondo ezagutzen zuela Larrek, eta horregatik eskatu zion hitzaurrea. Harreman ona zuen Baxenabarreko bertsolari eta idazleekin, eta maisukiro idazten zituen bertsoak, eta ederki kantatzen".
"Gizon apala eta maitagarria zen. Argia buruz, zabala bihotzez eta jarreraz. Eskuzabala eta zorrotza ere bai, baina maitagarria edozeren gainetik. Hutsune handia utzi zuen gure batzordean eta lagunen artean", adierazi du Joxe Mari Iriondok. Horrezaz gain, inoiz ez zuen ahantzi bere jatorria, ez zuen inoiz galdu laborari sena, bere herriarekin zuen lotura estua. "Eskolak eta ideia handiak ez dira aski; lurrarekin lokarri bat behar dugu", zioen Larrek, konbentzimendu osoz.
Iazko maiatzaren 30ean zendu zen kulturgile baxenabartarra, itzalean edozenbat lan egin ostean, eta urriaren 22an eta 23an omenduko dute, Xalbador Egunean, Teodoro Hernandorena politikari eta bertsozalearekin batera