Urriak 22 eta 23rako iragarri den Xalbador Egunak, Urepeleko bertsolariaz gain, Emile Larre euskaltzaina eta Teodoro Hernandorena politikari eta kulturgilea izango ditu gogoan, batik bat, euskaltzale biek “bertsolaritza eta euskal kulturaren alde eginiko lanagatik”.
2004tik egin izan duten bezala, Deiadarra taldekoek ekitaldiz jositako asteburua prestatu dute Fernando Aire Etxart Xalbador (Nafarroa Beherea, 1920-1976) bertsolaria eta artzaina omentzeko. Gainera, Xalbador Egunaren xedea ez da aldatu ordutik. “Gure nortasuna eta Xalbadorrek utzi zaukun mezua bizirik atxikitzea nahi dugu Euskal Herri osoan”, gogoratu dute Deiadarreko kideek.
Aurtengo egitaraua zabala eta anitza da: 22rako Aldudeko antzerki taldearen emanaldia iragarri dute, Urepeleko eskolan bertan eta 18:30etatik aurrera. Ostean, Kepa Junkera eta Sorginak taldearen kontzertua izanen da. 23an eta igandez, goiz hasiko dira ekitaldiak, Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia egingo dela, etxola bera eta Urepel ezagutzeko. 10:30etan meza nagusia izanen da, eta, ostean (11:15ean), Emile Larre eta Teodoro Hernandorenaren profilak aletuko ditu Joxe Mari Iriondo kazetari eta euskaltzain ohorezkoak jendaurrean. Eguerdi parterako Bilboko Salbatzaile dantza taldearen saioa iragarri dute eta gero herri kirolen txanda helduko da (soka tira, sega, orga altxatzea eta lasto altxatzea, hain zuzen); ordu bietan eta urtero legez, bazkari alaitua izango da; ondoren, haurren txokoa eta bertsolariak (Amets Arzallus, Xebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi). Arratsalde partean, trikitilarien jardunarekin agurtuko dute egun seinalatua.
Oharra: antolatzaileek gogoratzen dute larunbateko afariko edo igandeko bazkariko erreserbak aurretiaz egin behar direla, 624332995 telefonora deituz.