Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak 2016. urteko betebeharrak jasotzen dituen hitzarmena sinatu dute. Bi erakundeon arteko lankidetzaren lerro nagusiak berresteaz gain, 2016an egin beharreko lanak zehazten ditu dokumentuak. Besteak beste, EEPk Jaurlaritzarekin batera antolatzen duen Proiektu Deialdian aurkezten diren lanen hizkuntza kalitatea zaindu, toponimoen grafia egokiari buruzko galderei erantzun eman, aholkularitza zerbitzu bat eskaini edo Euskal Corpus Onomastikoaren datu-basea osatzen jardungo du Akademiak aurten. Horrez gain, eta akordio berriari esker, Piarres Larzabalen antzerkigintza 1950-1982 liburua argitaratuko da.
Aspaldikoa da Euskaltzaindia eta EEPren arteko lankidetza, erakunde bien arteko lehen hitzarmen-markoa 2008an izenpetu zela. Aspaldiko hitzarmen-marko hark bi erakundeek elkarraditurik egin beharreko lanen nondik norakoak zehazten zituen, eta lankidetzaren ardatzak eta erakunde bakoitzaren betebeharrak finkatzen. Segidan, 2014-2016 epealdirako lankidetza esparrua finkatzen zuen akordio-marko berria sinatu zuten erakundeek; xehetasunak, aldiz, urtero finkatzen dira, hitzarmen orokorrari lotutako gehigarri bat izenpetuz. Beraz, orain izenpetutakoa hitzarmen-marko horren eranskina da.
Sinatze berriaren harira, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu du “Euskaltzaindiak goi-mailako erakunde baten aitortza” duela Iparraldean, eta adierazi du Akademiak “ondo gogoan dituela euskal herrietako errealitate desberdinak”, baina, horien guztien gainetik, “euskarak batzen gaituela”.
Euskararen Erakunde Publikoa
Euskararen Erakunde Publikoa (www.mintzaira.fr) edo EEP (frantsesez Office Public de la Langue Basque, OPLB) Ipar Euskal Herrian euskararen inguruan lan egiteko botere publikoek 2004an sortu zuten lehen erakunde ofiziala da. Bere helburu nagusiak bi dira: batetik, euskararen aldeko hizkuntza politika publikoa eta hitzartua asmatzea eta definitzea, eta, bestetik, horretarako behar diren finantza baliabideak bermatzea.