Hiru urtetik behin egiten den Erromanisten Nazioarteko Kongresuan parte hartu du Akademiak, Julen Manterolaren eskutik. Harako Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoarekin (EHHE) loturiko txosten zabala prestatu eta aurkeztu du Manterolak.
XXVIII aldia bete du aurten Erromanisten Nazioarteko Kongresuak, uztailaren 18tik 23ra bitartean antolatu denak, eta, Manterolaren hitzetan, honelako proiektu estrategikoak “halako plaza akademikoetan aurkeztea ezinbestekoa izango da etorkizunean”. Eta, zalantzarik gabe, hitzen historian sakonduko duen hiztegia egitasmo garrantzitsua da Euskaltzaindiarentzat.
2009ko irailean onartu zuen Akademiak Joseba Lakarrak aurkeztutako proiektua eta 2010ean abiatu zuen Julen Manterola eta Iñaki Segurolarekin osatutako taldeak. Lehen fasean (2010-2012), beste hainbat tradiziotako lan paraleloak ezagutu, lanabesak eskuratu (testu eta era guztietako bibliografiaz jabetuaz) eta EHHEren eredua garatu zuen lantaldeak.
Orain amaitzen den bigarren fasean EHHE-2000 landu da eta 2017an argitaratuko da lan horren emaitza, 200 familia eta 2.000 sarreratakoa, hain zuzen. Azken fase honetan, Gabriel Frailek eta Koro Segurolak ere lagundu diote EHHEren lantaldeari.