Lanaren egilea Elena Martinez de Madina Onomastika batzordeko kide eta euskaltzain urgazlea da, eta Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzaina egitasmoaren zuzendaria. Argitalpena Euskaltzaindiak argitaratzen duen Onomasticon Vasconiae bildumaren 31. liburukia da. Gasteizko Toponimia egitasmoaren babeslea Gasteizko Udala izan da, hasieratik bertatik. Gasteizko Arratzua merindadea 21 herrik osatzen dute; hori dela eta, duen hedadura zabalarengatik, hiru liburukitan aztertuko dira. Arratzua I da lehena eta bertan Arkaia, Arkauti, Betoñu, Elorriaga, Gamiz eta Otazuko leku izenak aurkeztu eta aztertu dira.
Liburua, Gasteizko Toponimia egitasmoaren barruan argitaratzen den bosgarrena da. Aurrekoak honako hauek dira: Gasteizko Toponimia I/ Toponimia de Vitoria I (Ciudad/ Hiria) eta Gasteizko Toponimia II/ Toponimia de Vitoria II (Malizaeza) (2009); hirugarrena, Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria (2011) eta laugarrena Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz (2013). Aurrez esan bezala, argitalpen guzti hauek daude ikusgai esteka bakarrera joaz.