Aipatu duzun hitzarmen hori 'historikoa' da, gainera.
Bai, ondoren, hitzarmen horri atxiki zaizkiolako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiak, eta Nafarroako Parlamentua ere bai. Horrek eragin onuragarria ekarriko du.
Eta, zeintzuk dira hiztegi berriaren ezaugarriak eta abantailak?
Batetik, Euskaltzaindiaren bermea, hiztegian ageri diren formen eraketaren inguruan. Eta gero beste kontu bat, beharbada garrantzitsuena, gure ganbera legegileetan erabiltzen diren hitzak eta esamoldeak modu bateratuan erabiltzeak segurtasuna ekarriko die euskaraz diharduten hedabideei. Eta hedabideok darabiltzaten hitz eta esamolde horiek gizarteari arian-arian ezagutaraztea gizarte osoari.
Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentario hau gertatzeko, lanean dihardu lantalde batek. Nortzuek osatzen duzue?
Eusko Legebiltzarreko, Nafarroako Parlamentuko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietako, eta IVAPeko ordezkariek, Euskaltzaindia lantalde horren koordinazioarekin arduratzen dela. Horiezaz gainera, UZEI ari da idazkaritza teknikoan.
Eta zenbat hitz izango ditu hiztegi berriak?
1.400 hitzetik gora izango ditu, eta beraren argitalpena baliabide informatikoen bidez egingo da. Honek aukera emango die hala nahi duten hiritar guztiei artxiboa deskargatzeko euren ordenagailuetan, bai eta on line kontsultak egiteko, horrela nahi izanez gero.