Europan zehar era batera edo bestera hizkuntza gutxituak sustatzen lan egiten duten norbanako eta taldeak harremanetan jarri eta elkarrengandik ikasteko helburua du Hitzargiak Topaketak. Ekainaren 23 eta 24an izango da Orona Ideon (Hernanin). Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak gidatzen dute ekimena eta Kultur Hiriburuaren programan Bizitzaren Itsasargiren eta 284+ Kaiaren baitan kokatzen da.
Bi egunez, 17 hizkuntza komunitatetako eragileak elkartuko dira Topaketan: Eskoziako eta Irlandako gaelikoak, bretoiera, galiziera, aragoiera, manxera, Poloniako kashubiera, edo Estoniako voro hizkuntza adibidez.
Formatu eta eduki ugariko topaketa izango da. Gaika banatutako aurkezpen-hitzaldi eta elkarrizketarako mahai-inguruak izango dira, alde batetik. Bestetik, Esperientzien Trukegunea izeneko ekintzak ere izango dira: Hitzargiak egitasmoan sei hilabetean identifikatu diren jardunbide edo esperientzietako 80 erakutsiko dira panelen bidez, eta bertaratutakoek aukera izango dute horien atzean dauden eragileekin aurrez aurre egoteko.
Buruz buruko harremanen helburua izango da antzeko lanetan murgilduta daudenen arteko loturak sendotzea eta etorkizunean eraginkorragoak izateko elkarrengandik ikastea.
Parte hartuko duten hizkuntza guztiak ez daude egoera berean; bakoitzak bere bilakaera izan du eta lurralde bakoitzean hizkuntza sustatzeko jardunbide jakin batzuk jarri dira martxan. Jardunbide horien eragin-esparruak askotarikoak dira: erabilerari, kulturari, sentsibilizazioari lotutakoak, hizkuntza-teknologiak, komunikabideak, haurren zein helduen irakaskuntzari buruzkoak, lan-arloko ekimenak eta abar.
Izen-ematea zabalik
Topaketa Europa osoan hizkuntza gutxituak biziberritzen nolabaiteko ekarpena egiten duen orori zabalik dago; baita gaiarekiko interesa eta sentsibilitatea duen orori ere. Euskal Herrian, bereziki, bere lan-eremua edozein delarik ere, euskararen sustapenean ekarpena egiten duen orok aurkituko du bere intereseko edukia bertan. Topaketan parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago hitzargiak.eu webgunean. Kuota arrunta 50 eurokoa da (% 50eko deskontuak eskuragarri ikasle eta langabetuentzat) eta Topaketaren baitan antolatutako ekintza guztietan parte hartzeko aukera eta bi egunetako otorduak barne hartzen ditu.
2015eko udazkenetik aurrera, Europa osoko hamarnaka jardunbide identifikatu eta dokumentatu dira. Guztiak eskuragarri daude hitzargiak.eu webgunean, mapa batean kokatuta eta bideo-azalpenez hornituta. Haien bidez, Europako hizkuntza-aniztasuna ikusi eta entzun daiteke.
Informazio gehiago HITZARGIAK webgunean.
Izen ematea hemen egin daiteke.