Hau da Klasikoen Irakurketa egitasmoaren bederatzigarren edizioa. 2008an Axularren Gero irakurri zen, 2009an Mogelen Peru Abarca, 2010ean Jon Miranderen Haur besoetakoa, 2011n Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, 2012an Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, 2013an Bernardo Atxagaren Obabakoak, 2014an Gabriel Arestiren Harri eta herri eta iaz Sarrionandiaren Narrazio Guztiak.
Euskaltzaindiaren aldetik, urtero bezala, kide batzuk parte hartzen ari dira. Xabier Kintanak -bera izan zen Franz Kafkaren liburuaren lehen itzultzailea (1970) eta Itxura aldaketa izena eman zion 1970. urtean argitaratutako lanari-, Andres Urrutiak, Adolfo Arejitak eta Erramun Osak irakurri dute jada. Egun osoan zehar, 400 lagun inguruk pasarte bana irakurriko dute, txandaka.
Aste osoan, jardunaldiak
Bestalde, gogoratu behar da aurreko hiru egunotan Kafkari eta bere Metamorfosiari buruzko jardunaldiak egin direla, Euskaltzaindiaren egoitzan. Astelehenean, ekainaren 6an, Bernardo Atxagak parte hartu zuen; asteartean Jordi Llovetek eta Naroa Zubillagak; eta atzo, asteazkena, honako hauek aritu ziren: Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariak, Peru Alberdi idazlea eta Pello Ramirez musikaria, txeloaren eta akordeoiaren doinuen gainean.