Sinatutako hitzarmenak bi akademien arteko lankidetzarako oinarriak eta tresnak ezarri nahi ditu, beren ardurako hizkuntzen gainean elkarrekiko azterketa eta proiektuak koordinatuki garatzeko. Besteren artean, elkarren intereseko argitalpenetan lankidetza bilatuko da. Kongresu, jardunaldi eta mintegiak elkarrekin antolatzeko aukera ere aurreikusten du hitzarmenak. Era berean, informazioa, liburuak, argitalpenak eta gainerako material interesgarriak trukatuko dituzte elkarren artean.
Israelgo Estatua sortu bezain laster, 1953an, bertako Parlamentuak Akademia hori hebreera arautzeko erakunde nagusi izendatu zuen, eta harrezkero bera da hizkuntzaren ortografia, morfologia, gramatika eta hebreerazko hitzak beste hizkuntzetara letraldatzeko arauak ematen dituena, Israelgo Estatuan nahitaez bete beharrekoak.
Akademiak 23 kide dauzka, eta unibertsitateko irakasle, idazle, poeta, hebraista eta teknikari adituz osaturik dago. Egoitza Jerusalemen du.
Independentzia lortu ondoren legeztatu zen arren, Hebreeraren Akademia lehenago sortua zen, 1890. urtean, Eliezer Ben Yehuda-ren eraginez. Hizkuntzalari horrek, hain zuzen, proposatu eta prestatu zuen hebreera modernoaren birpiztea, bi oinarri hauetan finkaturik; alde batetik Bibliako eta azken bi mila urteotako hebreera idatziaren tradizioa, eta bestetik aramera eta beste hizkuntza semitikoetan oinarrituz, batez ere arabiera kontuan izanda. Hark proposaturiko hebreera batu hori, irakaskuntzari eta Estatuaren laguntzari esker gaurko israeldar guztien ohiko hizkuntza bilakatu da.
Aipaturiko hitzarmenaren testua euskaraz eta hebreeraz idatzirik dago. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Moshe Bar-Asher Hebrear Hizkuntzaren Akademiako presidenteak sinatu dute.