Gaurkoa EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia masterreko eta doktorego programako ikasleek beren praktikak eta ikerketak Euskaltzaindian egin ditzaten lehenengo pausua da. Izan ere, 2015eko urrian bi erakundeok lankidetza-hitzarmen berria sinatu zuten. Hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia masterreko eta doktorego programako ikasleak hartuko ditu, praktikak eta ikerketak egin ditzaten bere zentroetan, hots, Bilboko egoitzan, Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean eta gainerako ordezkaritzetan.
Hala, bada, gaurko jardunaldian Adolfo Arejita Euskaltzaindiko Iker sailburuak eta Pruden Gartzia Azkue Biblioteka eta Artxiboko zuzendariak hitzaldi bana eman diete ikasleei eta Akademiaren Iker egitasmoen zein funts bibliografiko eta artxibistikoen nondik norakoa azaldu diete.
Ondoren, Euskaltzaindiaren egoitza bisitatu dute.