Euskarazko irakaskuntzari terminologia zientifiko egokia erabiltzen erraztasunak eskaintzeko xedeaz, Euskaltzaindiak, aipatu arloetako irakasleen laguntzaz, aspaldion zientzia horietan gehien erabiltzen diren lexiko berezituen zerrendak eratu ditu.
Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika hiztegia biltzeko egitasmoko lantaldeak osatu ditu adituen proposamenak. Ondoren, Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak onartu ditu.
Hala, datorren ostegunean egingo den ekitaldian, Matematika, Fisika eta Astronomia zientzien oinarrizko lexiko horiek aurkeztuko dira. Aurkezpenera irakasle, ikasle eta argitaldariak ere gonbidatu nahi ditu Euskaltzaindiak “guztioi beren lanean laguntzea helburu, terminologia hau testu liburuetan erabiltzeko gomendioarekin”.
Aurkezpena honako hauek egingo dute: Andres Urrutia euskaltzainburuak, Andoni Sagarna Akademiako Hiztegigintza arloko arduradunak eta Antton Gurrutxaga Zientzia eta Teknika hiztegia biltzeko egitasmoko kideak.