Mercator eleaniztasunaren eta hizkuntza eskuratzearen ikergune europarra da, nazioarteko sare bat da eta eskualdeko, estatuko eta Europako diru-laguntzak jasotzen ditu. Europako hizkuntza gutxiagotuen ikasbideei buruzko informazioa partekatzen du.
Horrela adierazi zuen Hanno Brand Frisiar Akademiaren buruak Bilbon, abenduaren 18an, Euskaltzaindiaren Osoko bilkuran. Egun horretan, lankidetza hitzarmena sinatu zuten bi erakundeok, Europa mailako hizkuntza aberastasuna lehen lerroan jarri nahi duen hitzarmena, hain zuzen ere. Izan ere, sinatutako dokumentuak jasotzen duenez, Europa mailako hizkuntza gutxituen akademien arteko sarea sortu nahi dute eta Europa mailako gainerako eremu urriko hizkuntzen akademiek hitzarmenarekin bat egin dezaten bultzatuko dute.
Brandek azaldu bezala, Frisiar Akademiaren eginkizun zientifikoen artean honako hauek daude: hizkuntzari begirakoak (gramatika aztertzea, arauak finkatzea eta aldaerak jasotzea); lexikografia; historia; eleaniztasuna eta gutxiengoen hizkuntzak; Frisian ematen den hezkuntza. Horrezaz gain, akademia CTI (telefonia/informatika integrazioari begirako) ekimenetan parte hartzen du, bere lanak oro har bertako gobernantzarako izan dezakeen balioa ahaztu gabe.
Azalpenak eman ostean, euskaldunen eta frisieradunen arteko elkarlana azpimarratu zuen Brandek: hezkuntzari eta gutxiengoei buruz egindako ikerlanak; Europako kultura-hiriburuen arteko lankidetza-aukerak (Donostia 2016 – Leeuwarden 2018) eta, Euskaltzaindiarekiko hitzarmen berriari esker, bi akademien artean hizkuntzak, historia eta literatura integratuko dituen berariazko programa garatzeko asmoa.