Frisiar Akademiaren izenean Hanno Brand zuzendariak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Gainerako euskaltzainak ere izan dira ekitaldian, gaur Bilboko Udaletxean egin baitu Euskaltzaindiak abenduko Osoko bilkura.
Esan bezala, Europara begira daude bi akademiak. Europako hizkuntza aniztasunaren inguruko ezagutza eta errespetua sustatzea helburu, hizkuntza gutxituen akademien arteko elkarlana bultzatu nahi dute. Era berean, Europar Batasuneko erakundeei, sare horretako partaideen ordezkaritza onar dezaten eskatu nahi diete.
Bestalde, euskara eta frisiera hedatu eta indartzeko jarduerak antolatzea izango da bi erakundeon bigarren xede nagusia.
Testuinguru horretan, gaur sinatu duten hitzarmena zabaldu nahi dute bi erakundeok. Horretarako, Europa mailako gainerako eremu urriko hizkuntzen akademiek dokumentuarekin bat egin dezaten bultzatuko dute.
Horiek horrela, bi erakundeon arteko lankidetza euskal eta frisiar hizkuntzen eremuan gauzatuko da: Euskaltzaindiak eta Frisiar Akademiak lankidetza proiektuak sustatu eta garatu nahi dituzte, euskararen eta frisieraren aldeko sustapena bultzatzeko. Hitzarmenaren bidez bi erakundeok hizkuntzen ikerketari nola heltzen dioten ezagutu nahi da; hau da, hizkuntza bien garapenean erabiltzen dituzten teknika eta prozedurak zeintzuk diren eta nola erabiltzen dituzten ezagutzea da helburua.
Bestalde, bi erakundeok lankidetasun-politika bultzatuko dute, ikastaroak, mintegiak, kongresuak eta sinposioak elkarrekin antolatuz eta gauzatuz. Euskararen eta frisieraren egoerari eta bilakaerari buruzko txostenak landu eta sustatuko dituzte.
Era berean, Euskaltzaindiak eta Frisiar Akademiak elkarrekiko lana bultzatuko dute, bietako batek, edota biek batera eginiko argitalpenei laguntza emanez.
Frisiera
Hona hemen frisierari buruzko datu batzuk, Nick Gardner Euskaltzaindiko Joanes Etxeberri egitasmoko bulegoburuak landuak:
Gutxienez bi mila urteko historia duen frisiera hizkuntza Erdi Aroaren hasieran ingurune zabalean erabiltzen zen ahoz eta idatziz, Ipar itsasoaren kostaldean zehar, Belgikatik ia Danimarkaraino. XVI. menderako, aldiz, alemanaren eta nederlanderaren eraginez idazteko ohitura galdu zen eta, batez ere, herri xehearen ahozko hizkuntza bihurtu zen. Lehengo eskualde zabal horretan hiru hizkuntza-irla geratu dira bizirik gaur arte, bi Alemanian eta bat ipar Holandan. Azken honek du urrundik hiztun-kopururik handiena, ustez 460.000 ingurukoa (horien hiru laurdenak etxetik omen daki), eta gaur egun frisiera diogunean normalean hainbat dialektotan banatuta dagoen Holandako hizkuntza honetaz ari gara.
Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik, jatorriz frisierak ingelesa zuen kiderik hurbilena. Gaur egun, aldiz, hizkuntza horien hiztunek ezin dute elkar ulertu: ingelesak beste eragin ugari jasan du, bereziki Normandiako frantsesarena, eta frisierak nederlanderarena. Hain da horrela non azken bi hizkuntza horien arteko gaurko tarte linguistikoa aski txikia geratu den.
Egoera soziolinguistikoari dagokionez, intereseko datuak daude bai Fishmanek 1991n hizkuntza indarberritzeaz idatzi zuen liburuan bai 2000. urtean gai berberaz editatu zuenean, Durk Gorter-ek idatzitako kapituluan. Euskal Herrian aski ezagunak ditugun populazio-mugimenduen antzekoak Frisian (frisieraz Fryslân) ere gertatuak dira: beste hizkuntzez (han batez ere nederlanderaz) mintzo diren etorkinak bertaratu dira, frisieraz dakiten gazteak bertatik kanpora joan eta lurralde barneko mugimendu ugari gertatu, herritik hirira batez ere.
Frisierak indar gehien familian eta auzoan erabiltzen den ahozko hizkuntzan dauka. Euskaldunok azken mende erdian erruz jorratu ditugun 'goragoko' arloak landu dituzte frisiarrek ere, baina emaitzak, oro har, apalagoak izan dira. Hezkuntza arloan, adibidez, Lehen Hezkuntzan hemengo A eredu moduko zerbait da nagusi, gela gutxi batzuetan zenbait irakasgai frisieraz ematen badira ere, gehienetan B eredu bat izatera iritsi gabe. Zenbat eta gorago egin hezkuntza sisteman, hainbat eta gutxiago irakasten eta erabiltzen da bertako hizkuntza hori. Lantokietako oinarrizko lanpostuetan (baina ez arduradun-agintarien artean) eta salerosketan sarritan erabiltzen da frisiera, baita ezezagunekin ere, bertako nederlanderadunek frisiera gehienetan ulertzen baitute. Beste arloetan, batez ere idatzizko gaitasunak eskatzen dituztenetan, lorpenak aski apalak dira. Baina lorpenak dira, ez atzerapausoak.
“Frisian: The Frisian language in education in the Netherlands (4th Edition)” Mercator European Research Centre on Multilingualism and Language Learning (Fryske Akademyren babespean).
Reversing Language Shift: theoretical and empirical foundations of assistance to threatened languages (1991) J. Fishman. Multilingual Matters.
Can Threatened Languages be Saved?: Reversing Language Shift, Revisited (2000) J. Fishman ed. Multilingual Matters.