Arotzenaren bildumak euskarazko antzerkia eta antzerki unibertsalari buruzko 2.800 erregistro baino gehiago ditu eta liburu, aldizkari, artikulu, kartel edota argazkiak biltzen ditu.
Dohaintza egiteko hitzarmena sinatu dute gaur, abenduaren 16an, bi erakundeotako ordezkariek. Oiartzungo Udalaren aldetik, Jexux Leonet alkateak eta Josune Cousillas Kultura zinegotziak parte hartu dute sinadura ekitaldian. Euskaltzaindia, aldiz, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Erramun Osa idazkariordeak ordezkatu dute. Eugenio Arotzena bera ere ekitaldian izan da.
Oiartzungo Udalak 2005ean erosi zion Eugenio Arotzenari bere antzerki-bilduma. Bildumaren tamaina eta ezaugarriak kontuan hartuta, egoki kudeatzeko gaitasuna duen erakunde baten eskuetan uztea erabaki du Udalak.
Hala, dohaintzaren bidez, antzerki-artxibo horri erabilera publikoa eman nahi dio Oiartzungo Udalak, herritarren eta ikertzaileen eskura jarriz, euskal antzerkigintzaren hedapenean eragiteko. Hitzarmenak jasotzen duen legez, “bilduma herritarren eta ikertzaileen esku ipintzeaz hauxe ulertu behar da: funts horiekiko erreferentzia bibliografiko edo artxibistikoak katalogo estandarretan integratzea, erabiltzaileek horien bidez eskuratu ahal izan dezaten”. Horretarako gaitasuna duen erakundea da Euskaltzaindia.
Datozen bi urteetan, Euskaltzaindiak Arotzenaren bilduma katalogatuko du eta, batez ere, komunitate zientifikoaren esku jarriko du materiala.
Eugenio Arotzenaren ibilbidea antzerkigintzan
Eugenio Arotzena Egimendia Oiartzungo Altzibar auzoan jaio zen 1940an. Bere harremana antzerki munduarekin Lartaunen bidez hasi zen, 60ko hamarkadan. Oiartzungo gazte mordoxka bat (Arozena bera, Xabier Lete, Iñaki Arbelaitz…) elkartu ziren talde hartan, baina hamarkadaren bukaeran, Espainiako Gobernuaren eszepzio egoerengatik mugimendua desegin zen.
1970ean Intxixu Taldea sortu zuten Oiartzunen Arotzenak eta beste zenbait gaztek. Antzerkiaren munduan esperimentatzea zen taldearen helburua, obra berriak bilatzea eta sortzea. 1971n hasi zen Arozena antzerki-obrak biltzen, “satisfkazio pertsonaleko”. Bere bilduma izango zena abiatzen ari zen.
70eko hamarkada bukaeran, Arotzenak Eusko Jaurlaritzaren Antzerti fundazioko zuzendari lanetan hasi zen. Erretiratu arte izan zuen ardura hori.
Gaur egun, elizaren eragina euskal antzerkigintzan (II. Errepublika aurretik 60ko hamarkada arte) aztertzen ari da eta antzerki-obretako ikus-entzunezko irudiak bilatzen –batez ere, frankismo garaikoak-.