Akademiaren funtsak Azkue Biblioteka eta Artxiboan zaintzen eta kudeatzen dira. Orain arte, Akademiaren webgunearen atal horretan katalogoa bakarra zegoen kontsultagai: Azkue Bibliotekaren Katalogoa, hots, Euskaltzaindiaren bibliotekaren liburu eta aldizkarien katalogoa. Hemendik aurrera, aldiz, Akademiaren Artxiboaren Katalogoa ere ikusi ahal izango da.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Pruden Gartzia Azkue Biblioteka eta Artxiboko zuzendariak aurkeztu dute gaur, azaroaren 27an, Artxiboaren Katalogoa. Edukien garrantzia ez eze, Euskaltzaindiaren asmoa ere nabarmendu dute: izan ere, funts horiek guztiak publiko egitean, Akademiaren eta gizartearen arteko harremana sendotu nahi da.
Hala, Urrutiaren esanetan, "100 urtetan gauzatu den funts inportantea da, ez bakarrik bibliografia edo artxiboaren aldetik. Izan ere, Euskaltzaindiaren eta euskararen historian ezinbesteko materialak dira, eta hor daude". Horrekin batera, Bibliotekarekin harremanetan jartzeko animatu nahi izan dute jendea. Izan ere, norberak mota askotako bilaketak egin dezake katalogo horretan Internet bidez, eduki batzuk ere zuzenean jaits daitezke, baina harreman pertsonala beti dago zerbitzu honen bihotzean, alegia, erabiltzaileak eska dezala informazioa eta epe labur batean erantzungo zaio.
Esan bezala, Euskaltzaindiaren Artxiboaren Katalogoa hiru adar nagusitan antolatzen da:
Erakundearen beraren administrazio artxiboa
Erakundearen dokumentazio administratiboa jasotzen du (1919-1970). Erakundeak berak sortutakoa da. Erakundearen sorreratik elikatu da euskarari buruzko hainbat dokumenturekin, administrazioari dagozkienak eta euskararen arautze eta bultzatze lanetan Euskaltzaindiak eskuratu dituenak.
Garai horretan Euskaltzaindiak, berezko lanez gain, euskal kulturaren hainbat ekitaldiren antolatzaile gisa jardun zuen. Bereziki frankismo garaian egindakoek, euskal kultura eta hizkuntzaren egoera islatzen dute: literatura-lehiaketak, bertsolari txapelketak, ikastolak, alfabetatze taldeak, eta abar. Horiek guztiak kontsulta daitezke.
Kontsultak egiteko, ondorengo era sailkatu da: Euskaltzain osoak eta Zuzendaritza; Batzorde Akademikoak, Biltzarrak eta Jardunaldiak; Egiturazko Batzordeak; Harreman instituzional eta protokolarioak; Ordezkaritzak; Kudeaketa eta administrazioa; Zerbitzuak.
Artxibo historikoa
Zenbait euskaltzain edo euskaltzaleren artxibo pribatuetako dokumentazioa jasotzen du. Une honetan hamabost dira, eta artxibo berriak eskuratu ahala, gehitzen joango dira.
Euskaltzaindiak, sorreratik eskuratu zituen euskararen historia iturriak ikertzeko hainbat dokumentu, baina lehen dohaintza garrantzitsua Resurreccion Maria Azkueren heriotzan gauzatu zen, 1951n, berak testamentuan utzitako liburutegia eta artxiboa eskuratu baitzituen erakundeak. Horrela hasiera eman zitzaion artxibo propiotik at berezitako funtsak eskuratzeari. Hala, bada, garrantzia handikoa izateaz gain, Azkuerena da Artxibo Historikoaren abiapuntua.
Azkueren funts horren gai nagusiak honako hauek dira: musika herrikoia eta folklorea, hiztegigintzako corpusak, berak sortuak edo Euskaltzaindiarentzat eginak, 1.080 igorleren gutunak, literatura, itzulpengintza lanak eta hizkuntzalaritza. Hiztegigintzako corpusak osotasunean funts honen barnean gorde dira.
Gutuneriari dagokionez, Azkueri 1080 igorlek zuzendutakoak eta sail batean ordenaturik zeudenak errespetatu dira. Azkuek berak igorritakoak nagusiki senide eta lagunei zuzendutakoak dira. Harreman garrantzitsuak mantendu zituen bere garaiko hainbat pertsonaia esanguratsuekin, besteak beste: Hugo Schuchardt, C. C. Uhlenbeck, Jakob Jud, Julien Vinson, Antoni Griera, Edward S. Dodgson, Karl Bouda, Alfredo Trombetti eta Eugenius Frankowski hizkuntzalariekin; Julio Valdés, Jose Antonio Donostiakoa, Vicente Goikoetxea eta Jesus Guridi musikagileekin; Charles Bordes, Higinio Anglès, Michel Flément musikologoekin; edota Pierre Broussain, Julio Urkixo, Damaso Intzakoa, Arturo Campion eta Pierre Lhande euskaltzainekin.
Azkueren funtsa jaso ondoren, ondorengo funts hauek eskuratu ziren: Seber Altube, Odon Apraiz, Pierre Broussain, Jon Etxaide, Juan Carlos Guerra, Andima Ibinagabeitia, Jose Maria Jimeno Jurio, Georges Lacombe, Pierre Lafitte, Jose Mari Satrustegi, Norbert Tauer, Antonio Tovar eta Jokin Zaitegi. Orobat, bi bilduma berezi: erakundearena (ABC) eta Euskal Herriko Unibertsitatearena (EHU). Horiek guztiak interesatu guztien eskura jarri dira.
Artxibo historikoaren funts bakoitzak ibilbide propioa izan du, horregatik, funtsen deskribapenean adierazten da noiz eta nola eskuratuak izan diren. Bestalde, funts bakoitzaren edukia zein den esaten da.
Ikus-entzunezko artxiboa
Erakundearen ekitaldiei, euskaltzainei edota euskaltzaleei dagozkien irudiak, soinuzko grabaketak eta bideoak jasotzen ditu, beste zenbait grabaketa dialektalekin batera. Neurri handi batean erakundeak bere jardunean bildutakoak dira. Materialak nagusiki Euskal Herriko eremu geografikoan eta euskararekin edo euskalgintzarekin lotutako bi alor nagusitakoak dira: zeregin akademiko edota publikoetan sortutako argazki, soinuzko material eta bideoak, eta baita ere edozein arrazoirengatik hainbat euskaltzalek emandako materialak.
Bost funtsetan dago banatuta, horietatik hiru orokorrak: argazkiak, soinuzko dokumentuak eta bideoak, eta beste bi bereziak: Iraleren eta Xipri Arbelbideren soinuzko bildumak.
Kontsultak egiteko
Aurkezpenean azaldu bezala, kontsultak eta bilaketak era askotara egin daitezke, Internet bidez atzitzen den edozein artxibo-katalogotan egin daitezkeen bezala.
Baina berriz ere azpimarratu dute Azkue Biblioteka eta Artxiboko teknikariak ikertzaileen eta, oro har, hiritarren zerbitzura daudela edozein argibide emateko; beraiekin harremanetan jartzea, buruz buru, telefonoz edo e-postaz, da biderik onena informazio osoa eta zehatza lortzeko.