Ekitaldian egitasmoari buruzko argibideak eman zituzten. Orain arte Atlasaren sei liburuki kaleratu ditu Akademiak, guztiak Laboral Kutxaren babesarekin.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren: Araban herri 1, Bizkaian 36, Gipuzkoan ere 36, Nafarroako Foru Erkidegoan 27, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.
Zuberoako herriak honako hauek dira: Altzai, Altzürükü, Barkoxe, Domintxaine, Eskiula, Larraine, Montori, Pagola, Santa Grazi, Sohüta, Urdiñarbe eta Ürrüstoi.
Bestalde, Euskararen Herri Hizkeren Atlasari buruzko erakusketa, "Euskara ibiltaria", abenduaren 17ra bitartean egongo da ikusgai Portugaleteko Santa Klara Kulturtegian. Euskaltzaindiak, Portugaleteko Udalak eta Laboral Kutxak antolatu dute.