Jose Luis Lizundia, euskaltzain emeritu
Apirilaren 26an, Donostian egindako osoko batzarrean, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zuen Jose Luis Lizundia euskaltzain osoa. Emeritu izateko, 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek.
Jose Luis Lizundia Iruñean (Nafarroa) jaio zen, 1938ko apirilaren 9an. Merkataritza ikasketak egin zituen. Euskaltzaindiko idazkariordea izan zen, 1969tik, eta kudeatzailea, 1995etik. 2003an erretirua hartu zuen. Euskaltzaindiaren barne-erakundetze prozesuan berebiziko eragina izan zuen. 2004tik 2012ra arte, Akademiako diruzaina izan zen. Gerediaga -Durangoko Merindadearen Adiskideen- Elkartearen eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren sortzaileetariko bat izan zen.
2003ko ekainaren 27an euskaltzain oso izendatu zuten.
Euskaltzaindiaren Arautegiaren eta Barne Erregelen arabera, emeritu izendatzearen ondorioz sortzen den hutsartea betetzeko, ondorengo bi osoko batzarretan aurkez daitezke hautagaiak, eta hirugarren batzarrean, egingo da bozketa. Beraz, maiatzeko eta ekaineko batzarretan aurkez daitezke hautagaiak, eta uztaileko batzarrean gauzatuko da bozketa.