Oroitz Jauregi, I. Koldo Mitxelena Sariaren irabazlea, Giza Zientzietan
"Ikerketan, silabaren azterketak euskararen ezagutza sakondu eta hedatzea dakarren neurrian, silabak azterketa linguistikoan, eta batez ere, fonologikoan duen garrantzia azpimarratu da"
Miren Lourdes Oñederraren eta Joseba Lakarraren zuzendaritzapean egindako tesia 2006ko ekainean irakurri zuen Jauregik. Ikerketa horren bitartez, dio, euskal silabaren garrantzia erakutsi da. Honela azaltzen du: "Ikerlanean euskararen silaba-egituraren nolakotasuna eta sortze lehentasunak azalduta, erakutsi da euskaraz gertatzen diren bilakabide fonologiko ugariren arrazoia silaba egitura unitatetzat gordetzea dela".
"Erritmoaren azterketaren bidez -gaineratzen du- euskararen berreraiketa proposamenei ekarpenak gehi dakizkie, tesian esaterako, hitz azentu aldaketaren bidez (Lakarrak, 2005, 2006, proposatutako) hizkuntza tipo aldaketarako oinarriak eskaini dira".
Azkenean, "egungo eta berreraikitako euskararen azalpenaren ondoan, euskararen silaba egituraren bi tresnabidezko azterketa burutu dira: bata akustikoa (egungo hizkera arduragabean oinarrituta silaba egiturak akustikoki neurtzeko) eta bestea informatikoa (testu idatzietan, diakronian, silaba egituren maiztasunak aztertzeko). Ikerketan, silabaren azterketak euskararen ezagutza sakondu eta hedatzea dakarren neurrian, silabak azterketa linguistikoan, eta batez ere, fonologikoan duen garrantzia azpimarratu da".
Tesia euskaraz idazteak lanaren zailtasuna areagotu egiten duelakoan dago Oroitz Jauregi, hainbat arrazoi direla medio: "Terminologia arazoak, erregistro mailako arazoak, etab., egon ohi dira. Euskara -zehazten du- ez dago egoera normalizatu batean eta hain zuzen ere normalizazio hori lortzeko bidean zailtasun ugari dira gainditu beharrekoak".
Horiek horrela, EHUk eta Euskaltzaindiak Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena saria sortzeko izan duten iniziatiba ondo ikusten du, oraindik bide luzea egiteke dagoela dakien arren: "Saria oso ongi iruditzen zait, sariak beti ere lagungarri izan ohi direlako. Hala ere, ezin ahantz dezakegu tesiak euskaraz sustatzeko lan asko dagoela egiteko".