Idatzia ere badu nola izan zen. Nola puska batean oso zalantzan egon zen: erdal herri-poesia ala euskal herri-poesia biltzen hasi. Eta nola gertaera batek bultzatu zuen euskararen aldera. Honela gogoratzen zuen Antoniok berak 1999ko azaroaren 18an, Deustuko Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu zuen biharamunean:
Orduan ez nintzan iñola ere oartu. Baiña gaur burua atzera jiratu eta ikusten dedanez, 1954-ko Errege bigarrenaren edo irugarrenaren illuntzean Xabierko gazteluaren oiñetan entzun zan oiu orrek eman zion asiera nere bertso zaar biltzeari".
Antoniok, une hartan, hogeita bost urte ditu. Bi aste barru beteko ditu hogeita sei. Bizitza osoa du aurretik. Atzera begira, berriz, ia-ia eskura ditu joandako urteak: Tolosan bizi izandako hamazazpiak, larunbatetan merkatu-egunez Zerkausian ikusi eta entzundako bertso-saltzaile haiek tarteko; udan Adunan pasatako oporrak; gero, Loiolako lau urteak, herriko jendearekin eta baserritarrekin nola harremanak izango bila; Orduña, Oña eta Xabierko urteak, begiak zabalik etxeko liburutegietako euskal liburuetara eta belarriak erne kanpoko jendearen kontakizun eta kantetara:
"Etxetik irten eta Gaztelako, Naparroako eta Aragoiko erdal jendearekin topo egiten genduan. Nortasunez ondo jantzitako lurraldeak oiek ere. Erriaren aotik erromantze ederrik entzun nuan; zer esanik ez jota bizi ta indartsurik".
Hain zuzen, horrexegatik sortuko zaio zalantza, zer biltzen hasi: erdal herri-poesia ala euskal herri-poesia. Baina azkoitiar mutikoak eragin dio erabakia hartzera. Eta aurrera egingo du:
"Mutikoak ekarritako bertso-paperak hogei ta bost bat izango ziran. Aiek ziran bai nik Tolosako Zerkausian saltzen ikusten nituanak. Besterik gabe, erderaz regla de tres esaten dana egin nuan: baserri batean au baldin bada, Euskal Erri guzian zer izango ote da?
Ekin nion, bada, biltzeari. Nundik eta Xabierretik. Bestela ezin eta eskutitzen bidez leenengo. Bertso-kontuan zerbait zekianik nunerebait bazala jakindakoan, berari bereala eskutitza idatzi. Eiztaria horrela ibiltzen da, eskopeta eskuetan duala, eiza noiz ikusiko, tiroa tiratzeko. Onek tiro utsak asko egiten ditu; nik ere kolpe utsak sarritan jotzen nituan. Baiña noizean bein bertso-paperen batzuk bialtzen zizkidaten. Ura nere orduko poza! Nik nere regla de tres artatik atera nuan kontua, zuzen aterata zegoan. Segi, ba, aurrera.
Urrengo udaran Loioala joan nintzan, eta andik gogotik saiatu. Bertsolari bat nun bizi zan entzundakoan, nere pausoak argana zuzendu. Ura illa bazan, aren ondorengoengana. Bai bertsozaleengana ere. Baita bertso-paperen barrenean agertzen ziran inprenta edo moldiztegietara ere: Donostiako Baroja, Tolosako Mugerza, Errenteriko Makazaga, Zarauzko Elustondo, Azpeitiko Martinez eta abar".
Handik bi urtera, 1956ko irailean, gerraondoan jendaurrean egingo den lehen biltzarra antolatuko du Euskaltzaindiak Arantzazun. Eta hantxe egingo du Antoniok bere hitzaldi programatikoa, azalduz zertan ari den eta zer asmo dituen gerorako. Bere bizitzako egitasmoa.
Hogeita zortzi urte ditu Antonio gazteak. Ordurako, buru-belarri sartua dago bertso-munduan. Bi urte daramatza lanean. "Hace ya dos años que no hago sino leer y copiar bertso berriyas", dio hitzez hitz. Eta: "Nunca me he detenido a enumerarlas, pero calculo que los materiales recogidos sumarán unas cincuenta mil estrofas [bertsoak, alegia]". Antonio berak eransten du: "Y debemos pensar que lo archivado es una porción reducida de lo actualmente existente -espero próximamente importantes adquisiciones".
Hala ere, urte batzuk beharko ditu lana plazaratzeko. Berak sortu beharko baitu argitaletxea ere: Auspoa. Eta Auspoa izena emango dio liburu sailari ere, 1961ean argitaratzen hastean.
Hirurehun eta hirurogeita bat liburuki horiek osatzen dute Zavalaren obra. Horien guztien editorea izan da. Denak pasa dira bere eskutik, eta denek daramate bere bermea. Gainera, askok eta askok Zavala bera dute egile. Ehun bertsolariren bertso idatziak eta biografiak eskaini zizkigun lehenik. Eta, hori gutxi balitz bezala, herri-prosazko 71 obra argitaratu ditu ondoren, 76 liburukitan: berak idazten jarritako herri-idazleek onduak gehienak; guztira 33 idazle.
Azken batean, ordea:
"Nere bizitzan, [...] ez ditut liburu asko idatzi, bakarra baizik; ez ditut lan asko egin, bakarra baizik; ez ditut gai asko erabili, bakarra baizik: erria. Beraren serbitzari biurtu nuan nik nere burua. Baiña erri orrek ederki saritu du nere lana. Uzta ugaria jarri du nere eskuetan".
Horiek horrela, halako zirrara eragiten du Deustuan Zavalak esanak:
"Ni, egun batez, ez dakit zein aizek bultzata, edo zein izarrek argi eginda, etxetik atera nintzan, begiak zabal eta belarriak erne, eta nere gogoko pitxiak eskuratzen asi nintzan, naiz eta jasotzen nituenak zenbaitentzat utsaren urrengoak izan".
Gaur, pitxi horiek obra erraldoi bezain preziatua osatzen dute. Izarra, berriz, Xabierren gelditu da. Berrogeita hamabost urte geroago, hantxe ehortzi dezaten, Auspoa sortu zen lekuan, izarraren jarraitzaile zintzo izan den Antonio.
Gaur, 2009ko urtarrilaren 2az geroztik, bi izar ditugu gidari, Xabierko zeru gainean, euskal herri-literatura lantzen jarraitzen dugunok.
Pello Esnal, euskaltzain urgazle eta Herri Literatura batzordeko burua
Artikulu honen ildotik: Antonio Zavala euskaltzain oso emeritua hil da
Auspoa bilduma: Antonio Zavalaren ale garatuak (Andres Urrutia)
Antonio Zavala hil da (Joxemari Iriondo)