Argitalpenetan nahiz hizkuntza-gaietan, agerikoak ditu Euskaltzaindiak bere asmoa eta gogoa, egun sareak eskaintzen dituen tresnak gero eta egokiago baliatzeko euskararen mesederako eta euskararen arlora hurreratzen diren guztien mesederako.
Ildo berekoa izan da, izan ere, duela hiru urte Plazaberri albiste-emaile elektronikoa sortzea eta garatzea. Gerokoak erakutsi duen bezala, horretan izan du Euskararen Akademiak agerbide berezia, web-orriaren pizgarri eta eragile.
Aldiek, hala ere, aurrera joatea eskatzen dute etengabe, eta horrek ekarri du, beste behin ere, emanaldi berri hau.
Izatez, hemen izango du aurrerantzean Euskaltzaindiaren web-orriaren erabiltzaileak, halako egunerokotasunik behinena, egunean-egunean ikusgarri eta irakurgarri izango dituelako Euskararen Akademiak eta euskaltzainek sorturiko berririk irtenenak, honen bidez ere akademiaren zerbitzuak erdiesteko bide erraza eskaintzen zaiola.
Badira, beraz, arlo berriak gure web-orrian. Berriak berri, lehendik direnak ere, gaurkotuak eta eguneratuak datozkigu, dela Hiztegi Batua, dela arau eta gomendioen esparrua.
Blogaren aldeko apustua egiten du Euskaltzaindiak; aro berri bati buruz ari da, euskaltzainen, eta, oro har, euskalgintzan ari direnen parte-hartzea bultzatuz eta sustatuz.
Beste behin ere, Euskaltzaindiak gizarteratze-ahaleginetan dihardu. Ziur nago, lorratz bereko beste ekimenak ere berehala etorriko direla akademiaren eginahalei esker.
Halaxe egin du azken laurogeita hamar urteetan. Halaxe beharko du egin etorkizunean ere, hortxe baitago bere xede eta helburua, euskararen aurreramendurako ekin eta jarrai, aldian aldiko eta tokian tokiko tresnak eta lanabesak erabiliz.