Itxaro Borda Baionan sortu zen, baina Oragarren sustraia duen laborari familia batean, eta lanbideari edo zaletasunei segituz hainbat lekutatik ibili bada ere, beti izan du nahiera berezi bat sortetxearekiko, non, besteak beste, gaur egun ere anaiak bizi diren laborari.
Oragarreko eskola publikoan egin zituen lehen ikasketak. Etxekopar kolegioan egin zituen bigarren mailako urteak, Jean Errekart lizeoan pasatu zuela laborantzako D’ batxilergoa 1978an. Umetan ikasitako euskara galdua zuen 12 urte bete zuenerako, baina orduan erne zitzaion euskal kontzientzia eta berreskuratzeari ekin zion, guztiz bere kontura, Piarres Lafitten gramatika, Haize Garbiaren hiztegiak eta Herria astekaria erabiliz. Bide horretan, 1974an igorri zuen bere lehen artikulua Herriako bulegora eta, orduz geroztik ez da idaztetik gelditu.
Ikasketeei segida emanez Pauera jo zuen, hango unibertsitatean ingelesa lehenik eta gero Historia ikasi zuelarik DEA (Diplôme d’études approfondies) mailaraino (1986). Hegoaldekoentzat, bereziki, gogoratu beharrekoa da Frantziako titulu-sistema eta Espainiakoa orduan franko desberdinak zirela (gaur egun ere ez dira guztiz berdinak) baina, oro har, esan dezakegu orduko lizentziadunaren baliokidea litzatekeela Espainiako sisteman, eta gaur egun masterdunarena bietan; beti ere gutxi gorabehera, jatorrian sistema biak desberdinak zirelako eta azken urteotan berdintzera jo badute ere, bakoitzak bere berezitasunak dituelako.
1985-1986 urteetan zehar, berehala lanean hasi zen irakasle-ordezkari gisa Largenté lizeoan (Baiona), baina urte betez soilik. Gure irratian aritu zen sei hilabetez eta handik gutxira lanbidea aldatu eta postari gisa lanean hasi zen, lehenengo Parisen, ondoren Maulen eta azkenean Baionan, Saint-Esprit auzoko bulegoan bukatuz bere karrera. 1987an hasi zen postari lanetan eta 2021ean hartu zuen erretiroa.
Postaritza ogibide izan badu ere, haren zinezko bokazioa idazletza izan da eta da. Genero guztiak erabili ditu, prentsa-artikuluetatik hasita, poemak, ipuinak, eleberriak eta saikerak ere landuz, itzulpenak ere bazter utzi gabe. Bertsotan ere ibili zen hiruzpalau urtez (1978-1981), azken bertsoa Mattin zenaren ehortzetan eman zuen, Ahetzen, 1981ean, baina bide horri ez zion segidarik eman. Dena den, Mendiburu, Alkat, Arrosagarai, Xanpun eta Ezpondarekin hegoaldera joaten ohitu zen eta ordutik hona bere kultur sorkuntzaren eta bizitzaren parte handia hegoaldean eramaten du: mahai-inguruak, mota askotako proiektuak, irakurraldiak musikariekin, liburu aurkezpenak, literatura atelierrak, elkarlanak hegoaldeko idazle edo kultur ekintzaileekin, hitz batez, denetarik. Inoiz edo beste esan izan du askotan ez dela baitezpada iparralde-iparraldeko sentitzen, nahiz eta Iparraldean errotzen den bere literaturaren mamia (gertakariak, pertsonaiak, hitzak), baina egia da, baita ere, ugariak direla Iparraldeko idazle, argazkilari, musikari edo artistekin gauzatutako elkarlanak.
Kritikari guztiak bat datoz nabarmentzerakoan bere literaturaren ezaugarri nagusietako bat ordena ezarriaren kontrako sentimendua dela, gordin eta bortitza zenbaitetan, goxoagoa bestetan, baina presente beti. Agian beste idazle batek inork baino zehatzago laburbildu zuen, Urtemuga lehorraren kronika (1989) liburua iruzkintzen zuelarik: “Liburu mingotsa, inkorformista, zeingura botereren aurkako salaketa, garai honen lekuko biluzia, ez inori ez ezeri amore eman gura ez dion betiko Itxarok ekarri diguna.” (Edorta Jimenez, Egin, 1990-01-02). Ez da haren literaturaren gako bakarra, ordea, besteak beste Iparraldeko barnealdeari buruzko etengabeko gogoeta, edo berak periferia gisa izendatzen dituen leku edota pertsonekikoa, edo baita ere nitasunari edo identitateei buruzkoa... guztiak dira hazta handikoak bere literaturgintzan.
1981ean, Luzien Etxezaharretarekin batera Maiatz literatur aldizkariaren sorreran parte hartu zuen, eta beti jarraitzen du bertan kolaboratzen, ipuinak, poemak, iritzi-artikuluak edo itzulpenak igorriz. Laster Maiatz liburuak argitaratzen hasi zen, eta Itxaro Bordak han plazaratu zuen bere lehen liburua (Bizitza Nola Badoan, 1984).
1991-2000 urteen artean, Mauleko Eperra ikastolako gurasoen elkarteko presidente izan zen, ikastola berria auzolanean eraiki zutelarik. Halaber, Seaskako idazkari izan zen gero (1998-1999) eta azken urtean Seaskako presidentea ere (1999-2000).
Prentsako artikuluak idatzi izan ditu ondoko egunkari edo aldizkarietan: Herria, Herriz Herri, Gernika, Zeruko Argia (1977) eta Argia (1980), Euskaldunon Egunkaria, Berria eta abar.
Hainbat sari eskuratu ditu bere idazle-karreran zehar: besteak beste, Euskadi Saria (2002), Galiziako PEN erakundearen Rosalia de Castro saria (2010), Sarako Liburu Azokako saria (2016), Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria saria (2019) eta Gehitu saria (2021).
Nobelak eta narrazioak
1984 Basilika (Susa)
1987 Udaran betaurreko beltzekin (Txertoa)
1989 Urtemuga lehorraren kronika : allegro ma non troppo (Maiatz)
2001 % 100 basque (Susa)
2001 Songs from Ithaka (Susa)
2005 Zeruetako erresuma (Susa)
2005 Placerville (les Ed. de l'Atelier In8 [Serres-Morlaàs])
2008 Stand by me (Susa)
2009 Ezer gabe hobe (Susa)
2011 Post mortem scripta volant : 2005-2006 (Maiatz)
2019 Susmaezinak (Alberdania)
2019 Kripton 85 (Maiatz)
2019 Zaborretan azkenak (Booktegi)
2020 Buztinezko etorkizuna (Booktegi)
Amaia Ezpeldoi detektibearen saila
1994 Bakean ützi arte (Susa)
1996 Bizi nizano munduan (Susa)
1996 Amorezko pena baño (Susa)
2001 Entre les loups cruels (Maiatz)
2007 Jalgi hadi plazara : requiem (Susa)
2012 Boga boga (Susa)
2015 Ultimes déchets (Maiatz)
2021 Euri zitalari esker (Susa)
Poesia
1984 Bizitza nola badoan : 1974-1984 : poemak (Maiatz)
1986 Kokrodil bat daukat bihotzearen ordez (Susa)
1988 Just love (Maiatz)
1991 Bestaldean (Susa)
1998 Orain (Susa)
2000 Itxaro Borda [antologia: Koldo Izagirre, XX. mendeko poesia kaierak] (Susa)
2002 Hautsak errautsa bezain = Tant la cendre que la poussière (Maiatz)
2007 Noiztenka (Maiatz)
2008 Ogella Line + papiers déchirés de René Trusses (la Malle d'Aurore [Tarbes])
2012 Medearen iratzartzea eta beste poemak = Le réveil de Médée et autres poèmes (Maiatz)
2014 Zure hatzaren ez galtzeko (Elkar)
2020 Sédiments vivants = Jalkin Bizidunak (Editions Signum)
2020 Abaro (Balea Zuria)
2021 Uhartearen mugetan = Aux confins de l'île (Maiatz)
2022 Orbelen intziriak (Booktegi)
2023 Iraileko paperak [elkarlanean] (Euskaltzaindia)
2024 Itzalen tektonika (Susa)
Saiakerak
1984 Hogoigarren mendeko emakumeak idazle : antologia eta ohar zenbait (Txertoa)
1995 Manex Erdozaintzi-Etxart : (1934-1984) (Eusko Jaurlaritza)
2003 Hiruko (Alberdania)
2021 Eloge de la pluie : Sous la pluie d'été raccourcissent les pattes du héron (Basho) (Zortziko)
Antzerkia
1986 Infante zendu batendako pabana (Txertoa)
2014 Gerezien denbora : pastorala post-industriala (Ezkandrai)
2016 Odolak su gabe diraki: antzerkia hiru zatitan (Maiatz)
Itzulpenak
2006 Kaukasiar kreazko borobila / Bertolt Brecht [itzul.] (Zubia)
2006 Otto : ilaunezko hartz baten autobiogragia / Tomi Ungerer [itzul.] (Ikas)
2011 Zeraldarren erraldoia / Tomi Ungerer [itzul.] (Ikas)
2014 Maria Merce Marçal [antologia][itzul.] (Susa)
2022 Nire desio bakarrari / Gaelle Bourges [itzul., Baionako antzokirako egina]
Besterik
2000 Quatre saisons au Pays Basque = Lau urtaroak Euskal Herrian [elkarlanean] (Pimientos)
2002 Álbum vasco = Euskal karneta [elkarlanean] (Aralar liburuak)
2002 La Rhune, une montagne basque [elkarlanean] (Hats Berri)
2003 Euskal Herriko etxeak= Maisons du Pays Basque = Casas del Pais Vasco [elkarlanean] (Hats Berri)
2004 Manex, berger des étoiles (Quai Rouge)
2005 Elizak = les églises [elkarlanean] (Hats Berri)
2006 Euskal Herri : alfabeto = Pays Basque : abécédaire = Pais Vasco : abecedario [elkarlanean] (Hats Berri)
2013 Gu(haur) arrotz(ak) = A n(o)us mêmes étrange(r)s [elkarlanean] (Castor astral [Bordeaux])
2014 Ezkia haizean kantari = Le tilleul chante sous le vent [elkarlanean] (ZTK elkartea)
2018 Ces lieux qui nous racontent le Pays Basque (Artza)
2018 Poema bat da Herri hau = Ce pays est un poème [elkarlanean] (Elkar)
2021 Ele ekarleak = porteurs de paroles [elkarlanean] (Euskal Babel)
Jagon sailean
2019 Euskara, tresna bat baino gehiago
Erlea aldizkarian
2016 Itzulpena, ispilua [10. zk.]