NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

Emigrazioa tristea da

Mari Romero (Quintana de la Serena, Extremadura, 1958)

Testu-mota: Lekukotasuna

Garaia: XX. mendea

Argitalpen-urtea: 2014

Atala: Historia

Gako-hitzak: emigrazioaExtremadura

Argazkia: Ernesto Valverde.


—Herritik joango naiz, ama. Laster joan egingo naiz...

—Baina, seme, zer egingo duzu bakarrik lurralde arrotz horietan, amagandik urrun, arrebengandik eta andregaiagandik hain urrun!

—Antoniagatik ez sufritu, ama, hitz egin dugu eta ados dago. Urtebete barru bila etorriko naiz eta ezkondu egingo gara.

—Baina, Hilario...

—Erabakita dago, ama, ezin dut atzera egin.

Uda hartan bertan, uzta jaso ondoren, gazte espedizioa herritik irten zen bizimodua aldatzeko itxaropenez beterik.

Nire aita haien artean zihoan.

1953ko abuztuan, bere herria aurreneko aldiz utziaz, Iparraldera eramango zuen trena hartu zuen. Bizimodua hobetzeko esperantza bakarra zen berarentzat, han lana baitzegoen, eta familiarentzat etorkizun hobea nahi zuenez, amets egiteari ekin zion.

Ekipaje eskasa zeramala igo zen trenera: 26 urte, eta ilusioz betetako bihotza. Geltokiraino amak, arrebek eta andregaiak lagundu zioten, eta, denak eskuarekin agur egiten ikusi zituenean, gauza bera egin zuen berak ere, baina begirada ezkutatuta, haur bat bezala negarrez ikus ez zezaten.

Bakarrik abiatu zen aita industria eta paisaia berdedun lurraldeetara, baina ama atsekabetuta uzteak bihotza tristatzen zion; baita arrebak eta Antonia andregaia uzteak ere; eta lagunak, baso-erdi bat hartzera joaten zenean faltan botako zituen lagun maiteak. Baina itzultzeko promesa eginda utzi zuen herria. Bere bila itzuliko zela zin egin zion andregaiari, eta ezkondu ondoren, zain zeukaten Lurralde berri hartara eramango zuela.

Nafarroako probintziara helduta, Esako urtegiaren eraikuntzan lanean hasi, eta lau hilabete eman zituen han. Lan jardunak oso gogorrak ziren, egun osoa heze eta ilun-ilun zeuden tuneletan sartuta. Hori gutxi balitz bezala, soldata eskasa zuten, beharrezko gauzak erosteko besterik ez. Berehala, leku hartan aurrera egiteko aukera gutxi zegoela ohartu, eta herritik ilusioz beterik irtendako gazte gehienek herrira itzultzeko erabakia hartu zuten, engainatuta sentituz, bihotzean zuten ametsa bete gabe.

Batzuetan, bizitza arruntean, azkar pasatzen dira lau hilabete. Baina gogoz kontrako egoeran epe hori luzea gerta daiteke: monotonian murgilduta dauden egunak astiro pasatzen dira, eta gaua iristea da desira bakarra, atsedena hartzeko eta egunen batean gauzak aldatuko direla amesteko.

Bueltatu ziren gazte horietariko bat nire aita zen.

Behin herrian, edozein lan aurkitzen saiatu zen. Modu batera edo bestera, hainbeste maite zuen herrian egin nahi zuen bizimodua, horrela agian alde egin beharrik ez izateko. Granito harrobietan, eraikuntzan, nekazaritzan… lan egin zuen. Hala ere, Iparraldeko lurralde hura barru-barruraino sartua zitzaion, gustuko zuen, eta, han etorkizun hobea izan zezakeela sinistuta, bihotza suntsiturik, 1955eko abuztuaren 3an Extremaduratik, bere herritik, urrunduko zuen trenera igo zen berriro.

Oraingo honetan Altsasu herrian jaitsi zen, eta, heldu bezain pronto, eraikitzen ari ziren etxe batzuetan hasi zen lanean, baina egun bakar batez. Askotan, txantxetan, oraindik kobratu ez duen lana izan zela esaten digu.

Lana uztearen arrazoia sinplea izan zen. Legazpin, Altsasutik gertu zegoen herri batean, trenbidearen lerroan, metalurgia enpresa batean langile asko kontratatzen ari zirela jakin zuen, eta osaba Agustinek animatuta, hura ere enpresa haren harrobietan ari baitzen, harantz abiatu zen aita bi aldiz pentsatu gabe.

Dena prestatu, eta abuztuaren 9an, berriro itxaropentsu, Legazpira heldu zen, gauzak ongi aterako zitzaizkiolako ziurtasunez.

Enpresa horretara zuzendu zituen pausoak, eta kanpoan itxoiteko esan zioten. Kalera irten eta espaloian eseri zen, pazientziaz beterik, burua makurtuta. Handik gutxira nagusietako bat pasa, eta begira gelditu omen zitzaion. Aitak buruaren mugimendu batez agurtu zuen. Minutu batzuk igaro ondoren, enplegatu bat irten, eta pasatzeko esan zion aitari.

Urduri sartu zen, txapela eskuan estuturik, eta une hartan Patricio Echeverría enpresak bere lehen kontratua egin zion.

—Lantegi horretan lan egin zuen lehen extremeñoa izan nintzen –esaten du hunkiturik.

Eta hori esatean harro sentitzen da eta begirada nostalgiaz betetzen zaio.

Urte luze batez etengabe jardun zuen lanean. Ahal zuen diru guztia aurrezten zuen herrira bidaltzeko: zati bat amonarentzat, bestea berarentzat, bere Antoniaren bila joaten zenerako.

Legazpin zegoela, bere lehen poesia idatzi zuen andregaiari bertsotan idatzitako eskutitz batean. Izenburua, «Entre penas y alegrías», bere egoera oso ongi laburbiltzen zuena: lana zuen lurralde aberats batean egotearen alaitasunaz idazten zuen eta, aldi berean, gehien maite zituen pertsonengandik urrun egotearen tristuraz. Lagunak faltan botatzen zituela aitortzen zuen, eta hitza ematen zion andregaiari laster haren bila joan, eta aurrerantzean ez zirela berriro bananduko.

Urtebete pasa zen, astegunetan lanean, asteburuetan beste extremadurar batzuekin elkartuz, bata besteari beren atsekabeak kontatzen zizkiotela. Ez zen garai erraza izan, ez, baina herrira itzultzeko itxaropenak ilusioz beterik mantendu zituen.

Lana monotonoa zen, baina aitak espiritu optimista zuenez, bere poesiak asmatzen ematen zuen denbora lan jarduna hain aspergarria izan ez zedin.

En la dura estampación,
donde paso día tras día,
a solas con mi trabajo
brota en mí la poesía.
[…]
Y así termina el poema
que en silencio y por lo bajo
compuse una triste noche
al compás de mi trabajo.

Gaueko txandan ari zen bitartean konposatutako poesia baten aurreneko eta azkeneko bertsoak dira.

Lan gogorra zen, eta itxaropenez betetako poesiak tartekatuz, batzuetan buruz bakarrik, orduak murriztea lortzen zuen.

Argazkia: Ernesto Valverde.

Lanean, eta urrun zeuden senide eta lagunei bere gogoetak idatziz, egunak pasatzen joan ziren poliki-poliki. Uda heldu zen azkenik, 1956ko abuztua, eta baita nire amari egindako promesa betetzeko unea ere. Lerroz lerro bete zuen poesia hartan idatzi ziona:

… También me acuerdo de mi novia,
que me estará esperando
como espera a su pichón una paloma,
y vestidita de blanco
al altar la llevaré,
y cuando estemos casados
y sea mi linda esposa,
los dos viviremos juntos
y todo será otra cosa.
Porque no he visto mujer
en la tierra que he corrido,
tan bonita y tan hermosa
como la que yo he elegido…

Abuztuaren 27an ezkondu ziren, arratsaldeko bostetan, Quintanako elizan. Ama zuriz jantzita joan zen, Alemanian lanean ari zen Mercedes lehengusinak oparitutako soineko ederrarekin. Beltzez jantzita joateko ohitura zegoen, baina amak uko egin zion, ez zuelako halako kolore tristea nahi halako egun alairako.

Extremadurako herrian, garai hartan, ezteiak hiru zatitan banatzen ziren. Lehenik, goizean, aitormena egiten zen, eta, jarraian, hurbildutako guztientzat gonbita. Andregaiaren arreoa ikusgai jartzen zuten, gonbidatu guztiek miresteko. Une horretarako, amak gris perla koloreko soinekoa jantzi zuen.

Arratsaldean, ezkontzako zeremonia egiten zen. Senargaiaren familia, desfilean bezala, andregaiaren etxera joaten zen, senargaia bera eta amabitxia aurretik, elkarri besotik helduta. Gero, berriro desfilean, elizarantz abiatzen ziren, orain andregaia eta aitabitxia aurretik. Halaxe joan ziren nire gurasoen familiak herriko kaleetan barrena, abuztuan, eguzkipean eta arratsaldeko bostetan… Ama zoriontsu, soineko zuri luzearekin eta aurpegia estaltzen zion belo garden batekin.

Ezkondu eta gero, berriz prozesio berezi horretan, gonbidatu guztiak andregaiaren etxera joan, eta eztei-oturuntza ospatzen zuten han, plater nagusia ardiki gisatua zela.

Baina horrekin ez zen dena bukatzen, ez, zeren eta hurrengo egunean tornaboda izenekoa ospatzen baitzen. Gonbidatu guztiak ezkonberriei zorionak emateko elkartzen ziren. Amak, une hartarako, soineko beltza luzitu zuen.

Eztei-gaua Camino Zalameako etxean pasatu zuten, non bestela? Hori bai, munduko ohazalik politenaz apaindutako nikelezko ohe berri, barrotedun batean.

Irailaren 24an, gurasoak Quintanatik irten ziren. Madrilen tren-aldaketa egin behar zuten, gero Legazpirantz jarraitzeko. Bidaia ez zuten biek bakarrik egin, beraiekin joan zen aitaren lehengusu bat, geroago gure osaba Bibiano izango zena, hura ere Iparraldera joateko erabakia hartuta.

Madrilgo geldiunea aukera ezin hobea izango zen hiria ezagutzeko, eta baita amari animoak emateko ere, Quintanatik irten zenetik negarra besterik ez baitzuen egiten, hain handia zen maite zituen pertsona guztiengandik urruntzeak sortzen zion tristura.

Aita, aldiz, pozik zegoen emazteari Madril erakusteko aukera harengatik. Soldadutzatik, oso ongi ezagutzen zuen hiria, eta cicerone aparta izan zen beste bientzat. Erdialdera eraman zituen: Palacio de Oriente, Calle Mayor, Plaza Mayor, Puerta del Sol…, leku ospetsuetatik paseatu ziren. Hainbeste ibili ondoren, ama eta osaba Palacio de Orienteko parkeko bankuetan eseri ziren, leher eginda. Aitak gehiago erakutsi nahi zien, Gran Vía, Plaza de España… Baina besteek ezetz, nahiago zutela atsedena hartu. Aita bueltatxo bat ematera joan zen, eta itzuli zenerako lo aurkitu zituen biak, aingeruak bezala, bata bestearen kontra jarrita.

Esnatzean, amak negarrari eman zion berriro. Negar egiten zuen etengabe, ezertan kontsolamendurik aurkitu ezinik.

Handik pasatzen zen gizon batek esan zion:

—Ez negarrik egin, neska! Madrilen ezin da negarrik egin, ez duzu ikusten zer hiri polita den?

—Arrazoi du, Antonia, inork ez luke esango ezkonberriak garenik. Goazen, laztana, nahi baduzu opariren bat erosiko dizut, ea aurpegia alaitzen duzun! —animatu zuen aitak.

Corte Inglésera joan ziren eta, amak negar egiteari uzteko, Palmera markako guraizeak erosi zizkion aitak, garai hartako markarik onena… Onak izango ziren, bai, oraindik gurasoen etxean baitaude, zahartuta, herdoilduta, mahaiaren kaxoi batean, eta ikusten ditugun bakoitzean, hiru gazte horiek galduta imajinatzen ditugu 1956. urteko Madril hartan.

Iparralderako bidean, ama trenetik ikusten zuen guztiaz jabetzen zen. Trenak Gaztelako eremu lauak atzean utzi eta Euskadin sartzen ari zenean, mendi altuez eta haien berdetasun biziaz harritu zen, baita nonahi zeuden zuhaitz hostotsu handi haietaz ere, utzitako lurraldekoen aldean hain ezberdinak.

Trena ibai ertzean zegoen baserriren baten ondotik pasatzen zen bakoitzean, amak aztoratuta hitz egiten zion senarrari:

—Begira, Hilario, gure etxea horrelakoa balitz… Nahiko nuke! Begira, begira, erreka ondoan dago, zein gertu arropa garbitzeko! Eta nolako zelai ederra, ondo lehortuko lirateke hor izarak!

—Ezetz, Antonia, ezetz. Mila aldiz esan dizut hemen ez dela etxetik irten behar arropa garbitzeko, ura etxe barruraino iristen da eta.

—Bai zera, pozik egoteko esaten didazu hori…

Horregatik, Legazpira iritsi zirenean, mendiz inguraturiko haran hartara, bat-batean begi-niniak itxaropen kolorez bete zitzaizkiola esaten du amak, ordura arte ohituta zegoen kolorearen aldean zeharo diferentea baitzen, eta zelaien freskotasunak larruazala ikaratu ziola.

Bidean, herrian utzitako etxearekin zerikusirik ez zuten etxe altuak ikusi zituen, eta, bere etxera izango zenera iristearekin batera, gustuko izango zuela jakin zuen amak, bihotzeko familia urru-urrun izan arren.

Maite zuen senarraren ondoan zegoen, hasieratik zoragarria iruditu zitzaion lurraldean, eta ezin zela kexatu pentsatu zuen; akaso, noizean behin, bere baitan, bakardadea sentitu…

ROMERO, Mari (2014). «Emigrazioa tristea da», Erlea 7: 33-36.

Sede principal

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Centro de Investigación

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Sedes

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Asociación

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper