Irene Arrarats Lizeaga 1967an jaio zen, Hernanin. Geografia eta Historiako lizentziaduna da, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean ikasia. Euskaltzaletasunak bultzatuta, alfabetatzeko eskolak hartu zituen Hernaniko AEKn, eta horrek espero gabeko bide bat zabaldu zion, hango irakasle batek proposatuta hasi baitzen Euskaldunon Egunkarian lanean, zuzentzaile gisa, lizentzia eskuratu eta berehala. Beraz, “txiripa hutsez” ekin zion alor horri, berak esan izan duenez, baina aukera logiko eta koherentea izan da kontuan harturik euskaltzaletasuna izan duela bizitzaren ardatz nagusietako bat; gainera, behin baino gehiagotan azaldu izan du lanbidean probetxuzkoak izan zaizkiola askotan Historiako ikasketak, itxuraz zerikusi handirik ez badute ere. Dena den, hasi bazen, hasi zen, eta ordutik aurrera garapen profesional osoa lanbide eginkizun horri lotua egin du: “Izugarri gustatzen zait egiten dudan lana”, esan ohi berak, eta bistan da hala dela. Bere gurasoen eta oro har haien belaunaldikoen hizkeraren ederraz miretsirik, haren oihartzuna oraingo prosara ekartzea du ametsetako bat.
Euskaldunon Egunkarian 1991z geroztik 2003ra arte aritu zen, estilo-zuzentzaile eta itzultzaile lehenbizi, eta euskara-arduradun gero, kazeta itxi zuten arte. 2001ean Egunkariak argitaraturiko estilo-liburuaren egileetako bat da.
2003az geroztik, berriz, Berriako euskara-arduraduna da, eta estilo-liburuaren zuzendaria. Estilo-liburua paperetik Internetera eraman eta webgunea sortzeko lanen arduraduna izan zen. Hizkuntzaren alderdi guztiak kontuan harturik komunikaziorako eredu egokiak proposatzea eta eguneroko prentsan aplikatzea du bere langintzaren muina. Esperientzia horretan ikasitakoa Berriaren estilo-liburu digitalean jasotzea du zeregin nagusietako bat, etengabe jaso ere, premia berriak sortu ahala. Horren berri ematen aritzen da beste esparru batzuetan ere, hala nola hezkuntzan eta gizartearen beste arlo batzuetan.
Langintza horrek bi aurpegi ditu, desberdinak izan arren elkarrekin estuki lotuta daudenak: kazetaritzaren ikuspuntutik hartuta, testu komunikatiboak lortzea da lehentasuna, baina testu horiek, gure kasuan, euskaraz daude, eta hor bigarren osagai bat agertzen zaigu nahitaez, alegia, euskara batuan idatzita egon behar dutela. Eta zer da euskara batua? Zertan gauzatzen da batasunaren asmo eder hori praktikan, egunkari batek etengabe argitaratzen dituen mila eratako testuetan? Horretaz hausnartzea, teoria eta praxia etengabe lotzea izan du beti lanaren iparrorratza.
Ez eguneroko lanean soilik. Hala, hitzaldiak eta ikastaroak ematen ibiltzen da han eta hemen. Batzuetan, hartzaile espezializatuentzako saioak izaten dira; bestetzuetan, orotariko hartzaileentzako saioak. Esaterako, Euskaldunon Egunkariaren eta Berriaren estilo-liburuari buruzko hitzaldiak eman izan ditu EHUn, UEUn eta HUHEZIn, kazetaritzako deontologiari buruzkoak EHUko Kazetaritza Fakultatean, eta prentsa ikasbide gisa erabiltzeko moduei buruz aritu izan da Getxolinguaen. Nolanahi ere, batik bat idazkuntza eta komunikazio-estrategiak landu izan ditu, besteak beste Iralen (2013an hasita orain arte) eta gobernuz kanpoko erakundeetan. Zuzenketa eta itzulpengintza ere aztertu izan ditu EIZIEk antolatutako ikastaroetan, EHUko Letren Fakultatean eta Uda Ikastaroetan. Zenbait udaletan eta ikastetxetan, berriz, hizkera sexistaren auzia landu izan du, euskaraz dituen ezaugarriak azterturik.
Eta hortik tiraka bizitzan izan duen eta duen bigarren interesgune nagusira iristen gara, erran nahi baita, emakume-kondizioarekin lotutako auzi eta arazoetara edo, hitz arruntago batez esateko, feminismora. Kezka hori askotarikoa eta etengabekoa da, zuzenean lotua edozein testu-motari gainera, eta bi alorretan landu du bereziki: batetik, Berriaren estilo-liburuan bertan aritu da horretan, sexismoaren gaia landurik deontologiari buruzko atalean; bestetik, itzultzaile gisa heldu dio, orain arte euskaratu dituen lau libururen bidez: Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena (2017, beste batzuekin batera), Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera (2019), Nancy Fraserren Kapitalaren lantegi ezkutuak: mapa bat ezkerrarentzat (2021, beste batzuekin batera) eta Marjane Satrapiren Persepolis komikia (2023). Ez dira itzuli dituen liburu bakarrak, baina gaiaren aldetik batasun trinko bat erakusten dute, kontuan hartzeko modukoa.
Euskaltzaindiari dagokionez, 2007an hasi zen parte hartzen Akademiaren lanetan, eta zenbait batzordetan aritzen da gaur egun: Hiztegi Batuko lantaldean (2007-2017), Exonomastika batzordean (2009-2024), Euskaltzaindiaren Hiztegia lantaldean (2017-) eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren Batzordean (2017-). Euskaltzaindiaren Arantzazutik mundu zabalera: 1968-2018 nazioarteko biltzarrean ere parte hartu zuen. Betidanik, bere buruari ezarri dion eginbidea da zubi-lana egitea euskal prentsaren eta Euskaltzaindiaren artean: Akademiak seinalaturiko bidea urratzen ibiltzen da eguneroko prentsan, eta euskaraz lan egiten duten profesionalen ikuspegia eraman ohi du Euskaltzaindiko batzordeetara.
Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen (2020-2023), eta, horren barruan, Hizkuntza eta Generoa Batzorde-atal Bereziaren zuzendaria (2021-2023).
Zenbait aldizkaritan argitaratu ditu artikuluak: Berria, Jakin, Senez... Podcasten munduan ere aritu da, hizkuntzari buruzko Ezer ez eta festa saioan. Senez aldizkarikoa da ondoko aipu hau, agian bere pentsamendu eta ekintzaren laburpen gisa balio dezakeena: “Ondo idaztea ez da gramatika arauak betetzea bakarrik; ez da ortografia zaintzea bakarrik, ezinbestekoa izanagatik. Euskara zuzena egitea ez da nahikoa; euskara ona egitea ere ez: biak batuz lortuko dugu euskara egokia, euskal irakurleak gozatzeko modukoa” (27. zk., 2004, 108. or.).
Hizkuntzaren eta idazkeraren zuzentasuna
2021 Estilo liburua [elkarlanean] (Euskaldunon Egunkaria)
2006 Berria: estilo liburua [zuz. eta koord.] (Berria)
2013- Berria: estilo liburua [arg. digitala, etengabe eguneratzen] [zuz. eta koord.] (Berria)
2018 Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE): A-tik Z-ra, zalantzak eta argibideak, 1. argit. [hainbat aldiz berrargitaratua eta eguneratua] [ikuskatzailea elkarlanean] (Euskaltzaindia)
Itzulpenak I: gaztelaniatik euskarara
2010 Hipokratesen baratzea: janaria sendagai / Antonio Palomar (Berria)
Itzulpenak II: ingelesetik euskarara
2017 Pentsamendu heterozuzena / Monique Wittig [elkarlanean] (Susa)
2021 Kapitalaren lantegi ezkutuak: mapa bat ezkerrarentzat / Nancy Fraser [elkarlanean] (Susa)
2024 Gazako egunerokoa / Atef Abu Said (Berria; Elkar; Jakin)
Itzulpenak III: frantsesetik euskarara
2019 Bigarren sexua / Simone de Beauvoir (Elkar; Jakin)
2023 Persepolis / Marjane Satrapi (Elkar; Reservoir Books)
Iker bilduman
2018 Orotariko komunikabideak, orotariko batua PDF