Luis Villasante Arantzazun
Zuhurra bezain irmoa
Zuhurtzia da fraide frantziskotar hau ezagutu zuten guztiek nabarmentzen dutena: hitz neurtuak beti, atseginak, apalak. Kontrako argudioei argudioz beti, zakarkeriez lagunduta datozenean ere. 1970ean euskaltzainburu hautatu zuten eta berari egokitu zitzaion batasun prozesuaren faserik istilutsuenean Euskaltzaindia gidatzea.
Villasanteren txostena (ABA-EUS 1.100.01.1964-11, KEA-0034)
Txostenaren iruzkina
Villasanteren txostena oso aldekoa da (adibidez, “Ortografia: oso egokiak eta guztiz onartzekoak iruditzen zaizkit erabaki geienak”), hasieratik bertatik bere izakeraren ezaugarri betikoa den zuhurtasunari eusten badio ere (“Huna emen, astiro eta kontuz irakurri ondoren, paratu dudana”). Eragozpen batzuk ere jartzen ditu, baina zuhurtzia eta xehetasunak gorabehera, aldeko txostena da: “Oro ar, nere iritzia guztiz dago erabaki hauen alde”.
Izan ere, txostenean bertan hasita dago erabaki horiek praktikan jartzen: hatxeak sartzen ditu, baina oraindik oso poliki, adibidez, “hori” eta “horrek” idazten du, baina baita “emen” ere; “lehenbiziko” baina “bear”, eta abar. Inkoherentzia? Ez, Baionako erabakiak oraindik horretarako tartea ere ematen zuten.
Villasanteren txostena: lehen paragrafoko zati bat (ABA-EUS 1.100.01.1964-11, KEA-0034)
Testua
“Bizitza sendoa iritxi duten izkuntza oro batasun hori egiña dute, idaztekoan beintzat. Esan itzak era askotara esango dira, baiña idatzi beti berdin. Adibidez, andaluz batek “zordao” esango du, baiña eskolan erakutsiko zaio itz hori “soldado” idatzi bear dala. Eta izkuntza idatziaren bat-izate horrek zer-ikusi andia du izkuntzaren bizitzarekin, izkuntzaren indar eta sendotasunarekin. Gu berriz okerreko bidetik gabiltza: emen hala esaten da, ba halaxe idatzi, hor beste era hortara esaten da, ba horrela idatzi” (Luis Villasante, 1964ko azaroa))