Asun Garikano Iruretagoiena Tolosan jaio zen, baina azken berrogei urteotan Araban bizi izan da eta gipuzkoar jatorriko arabar bezala aurkezten du bere burua. Ez du galdu, halere, Gipuzkoako hainbat lekurekiko atxikimendu sentimentala, eta bereziki lotua sentitzen da Alkiza herriarekin, hangoak baitzituen amaren aldeko aitona-amonak eta bertan igaro baitzituen haurtzaroko aldi ederrenak.
Tolosan egin zituen lehen eta bigarren hezkuntzako ikasketak, eta Eskolapioetako azken urtean, ez lehenago, hasi zen euskaraz egiten zenbait ikaskiderekin. Izan ere, diktadura garaiko Euskal Herriko hiri edo tamaina ertaineko herri gehienetan gertatzen zen bezala, gurasoak euskaldun petoak izan arren oso arraroa zen gazteek elkarren artean euskaraz hitz egitea, bereziki eskola-giroan. Ikaskide zuen Kike Amonarriz euskaltzain urgazlea izan zen, Tolosari dagokionez, koska hori leuntzen hasi zen lehenetarikoa, eta haren eraginez ekin zioten beste batzuek ere, Asunek berak tartean. Esan beharrik ez dago ordura arteko ikasketa guztiak gaztelaniaz egin zituela.
Euskal hizkuntzaren aldeko joerak eraginda, Euskal Filologia ikasi zuen, lehenengo hiru urteak Donostiako Deustuko Unibertsitatearen campusean (EUTG), eta azkeneko biak EHUko Gasteizko Historia eta Filologia fakultatean (gaur egun Letren Fakultatea).
Lizentzia eskuratu eta berehala, irakaskuntzan hasi zen lanean: 1984tik 1986ra Donostiako Bidebieta ikastetxean; 1986tik 1994ra, Gasteizko Francisco de Vitorian; azkenik, 2022an jubilatu zen arte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren IRALE zerbitzuan. Oroz gain, beraz, irakasleen irakasle izan da, eta hizkuntza ez ezik euskal kultura izan du gai. Bestela esanda, euskara jakin arren euskal kulturaren baratzean gutxi ibilitakoak zirenei gure historiaren eta literaturaren aberastasuna transmititzen saiatu da. IRALE programaren barruan, euskarazko ikasmaterialgintza aztertzen duen EIMAko kide ere izan da.
Itzulpengintza literarioa da, dena den, bere benetako ardura, eta hari dedikatu dizkio ez bere ordu gehienak, beharbada, bai onenak, ordea, eta ondorioz euskal letren errepublikan batez ere itzultzaile bezala da ezaguna. “Maite nituen liburuak euskaraz idatzita ikusi nahi nituen”, horrela definitu izan du bere bokazioa.
Literaturaren itzulpengintzari dagokionez, XX. mendeko euskal itzultzaile klasikoentzat (Olabide, Orixe, Zaitegi, Larrakoetxea...), obraren jatorrizko hizkuntzatik abiatu eta euskara jator eta ederra erdiestea zen eginkizunaren iparra eta neurria. Euskara batuaren finkatzearekin, ordea, poliki-poliki belaunaldi berri batek joera hori irauli zuen eta itzulpengintzari beste dimentsio bat eman zion. Asun Garikano belaunaldi berri horren kide nabarmen bat da, eta bereziki ondo formulatu zuen kinka berria hau idatzi zuenean: “Oker dago itzultzaile izateko hizkuntzak ezagutze soilarekin aski dela uste duena. Itzultzailearentzat hizkuntzak jakitea oinarria besterik ez da, baina oinarri hori ez da inolaz ere aski, musikoa izateko solfeoa jakitearekin aski ez den bezala”. (Senez, 14. zk., 1993, 120 or.). Azentua da aldatzen dena, ez besterik, baina balio estetiko-literarioak erdigunean jartzen direnean beste era bateko emaitzak etorri ohi dira, Altxor uhartea (1991) edo Hotsa eta ardaila (1992) itzulpenetan argi ikusten den bezala: literatura-lanak itzultzeko estilo berri bat sortu da. Estilo berri hori sortzen, finkatzen eta hedatzen laguntzea izan da, beharbada, itzultzaile gisa egin duen ekarpen nagusia.
Itzulpengintzan batez ere bi norabidetan ibili da: ingelesetik euskarara, eta euskaratik gaztelaniara. Bigarren horretan ez da hain aipatua izan, ziurrenik ere Bernardo Atxagaren testuak itzultzea izan delako funtsean bere lana, eta lankide ez ezik bizikide duen idazlearen izena gailendu ohi delako horren berri eman behar denean. Asunek berak umore nabarmenez inoiz esan izan duen bezala: “Gure etxeko eztabaidarik gogorrenak ez dira izaten umeen heziketaz edo oporretako asmoei buruz”. Itzulpen horiei dagokienez, fitxa honen bibliografia atalean ikus daiteke harreman horren emaitza aski zehatz bat, ziurrenik ez osoa, bata eta bestearen bizitzak txirikordatuta daudenez gero ez delako erraza horren berri erabatekoa ematea. Bestalde, itzultzaile ez ezik, Atxagaren liburu guztien arduradun ere bada Garikano, eta horrek koxka bat gehiago estutzen du puntu honetaz berri zehatza eman nahi lukeenaren lana. Ondorioz, arrazoi praktikoengatik bibliografian soilik itzulpenak zerrendatu dira, beste guztia, hemen modu orokor batean aipatzeaz konformatzen garelarik.
Izan ere, Asun Garikanok beste lan-ildo bat ere jorratu du: edizio-lana. Ardura hori izan zuen Garziarena fanzinean (1992-1994), Garziarena berrian (1997-1998) eta, bereziki, Euskaltzaindiak argitaratutako Erlea (2009-2016) aldizkarian; baita Pamiela argitaletxearen hainbat liburutan ere. Orain, jubilatu ondoren, Euskaltzaindiaren Testu-bankua izeneko egitasmoa gidatzen du, helburua delarik euskal kulturaren transmisioarekin lotutako testu-bilduma bat prestatzea Bigarren Hezkuntzako eta Unibertsitateko ikasle eta irakasleentzat. Bere hitzetan esanda, hizkuntzarekiko atxikimenduaz ari dela: “Nola lortu gazteentzat euskararen mundua erakargarria egitea. Izan ere, mundu hori erakargarria egiten bazaio, hizkuntza landuko du: eskolan ez bada, eskolatik kanpo. Baina, mundu horrekiko sinpatiarik sentitzen ez badu, euskara-mailak ez du axola” (Ikasbil, 2013-09-11).
Hondarrean, baina ez kondar, Ipar Amerikako euskaldunei buruzko bi saio-liburu idatziak ditu, Far Westeko Euskal Herria eta Kaliforniakoak 1533-1848, gaztelaniara eta ingelesera itzuliak izan direnak.
Saiakerak
2009 Far Westeko Euskal Herria (Pamiela)
2013 Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela)
Itzulpenak I: ingelesetik euskarara
1991 Altxor uhartea / Robert Louis Stevenson (Ibaizabal)
1992 Botilako deabrua / Robert Louis Stevenson (Elkar)
1992 Hotsa eta ardaila / William Faulkner (Ibaizabal)
1993 Mozkor bat sasirik-sasi / Amos Tutuola (Pamiela)
1993 Nazionalismoari buruz / George Orwell (Emak Bakia Baita ; Pamiela)
1994 Bilbo, 1937 / L. G. Steer (Emak Bakia Baita ; Pamiela)
1994 Zeruko belardiak / John Steinbeck (Ibaizabal)
1995 Ripleyren jokoa / Patricia Highsmith (Igela)
1998 Urrezko ibaiaren erregea edo Anaia beltzak / John Ruskin (Erein)
1999 Ripley trebea / Patricia Highsmith (Igela)
2008 Altxor uhartea / Robert Louis Stevenson [ed. eguneratua] (Ibaizabal)
2014 Hizkuntza-probak eraikitzeko eta aplikatzeko eskuliburua [elkarlanean] (Eusko Jaurlaritza)
2017 Hotsa eta ardaila / William Faulkner [ed. eguneratua] (Ibaizabal)
2019 Kafe tristearen balada / Carson McCullers (Pasazaite)
2021 Zeruko belardiak / John Steinbeck [ed. eguneratua] (Ibaizabal)
Itzulpenak II: frantsesetik euskarara
1992 Carmen / Prosper Mérimée (Pamiela)
Itzulpenak III: gaztelaniatik euskarara
1993 Hiru elkarrizketa Bernardo Atxagarekin / [André Gabastou ; Linea d'Ombra ; Ana Sobolewska] (Emak Bakia Baita ; Pamiela)
2001 Gangsterren ihesi / Mikel Valverde (SM)
Itzulpenak IV: euskaratik gaztelaniara (egilearekin elkarlanean)
1995 El mundo según Marconi / Bernardo Atxaga (BBK)
1996 Un espía llamado Sara / Bernardo Atxaga (Acento Editorial)
1996 Esos cielos / Bernardo Atxaga (Ediciones B)
1996 Los grandes episodios de la gran familia Marconi (BBK)
1997 Horas extras / Bernardo Atxaga (Alianza)
1998 Lista de locos y otros alfabetos / Bernardo Atxaga (Siruela)
1998 Las bambulísticas historias de Bambulo : primeros pasos / Bernardo Atxaga (Alfaguara)
1998 Las bambulísticas historias de Bambulo : la crisis / Bernardo Atxaga (Alfaguara)
1999 Las bambulísticas historias de Bambulo : amigos que cuentan / Bernardo Atxaga (Alfaguara)
2004 El hijo del acordeonista / Bernardo Atxaga (Alfaguara)
2006 Shola y Angeliño / Bernardo Atxaga (SM)
2007 Marcas / Bernardo Atxaga, II. tomoa in De Gernika a Guernica I-II-III (Ediciones de La Central)
2009 Siete casas en Francia / Bernardo Atxaga (Alfaguara)
2011 Borrokaria = El Luchador = The Fighter / Bernardo Atxaga [gaztelaniazko bertsioa] [elkarlanean] ( Etxepare Euskal Institutua)
2013 Alfabeto de las pulgas / Bernardo Atxaga (Pamiela )
2014 Días de Nevada / Bernardo Atxaga (Alfaguara)
2016 Korrespondentziak = Korrespondime = Correspondencias / Bernardo Atxaga, Bashkim Shehu [gaztelaniazko bertsioa] (Erein ; DSS2016)
2017 Horas extras / Bernardo Atxaga (Hurtado&Ortega)
2020 Casas y tumbas / Bernardo Atxaga (Alfaguara)
2022 Desde el otro lado / Bernardo Atxaga (Alfaguara)
2023 Un grillo en la autopista / Bernardo Atxaga (Folch&Folch)
2023 Exteriores del paraíso / Bernardo Atxaga (Kalandraka)
Edizioak
2016 Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua / Mikela Elizegi, Antonio Zavala [egokitzailea] (Hauspoa ; Gipuzkoako Foru Aldundia)
* Bernardo Atxagaren liburuetan euskaraz eta gaztelaniaz editore gisa egindako lanak ez dira hemen zerrendatzen.
Erlea aldizkarian
2009 Far Westeko Euskal Herria [itzulpena] [1. zk.]
2010 Irakurtzeari buruz / Ben Sherriff, Margaret Jull Costa [itzulpena] [ 2. zk.]
2010 Vicente Ameztoyren objektuak [itzulpena] [3. zk.]
2011 Afrikako literaturaren hizkuntza [4. zk.]
2011 Afrikako literaturaren kale itsua / Obiajunwa Wali [itzulpena] [4. zk.]
2011 Gogoa deskolonizatzen / Ngugi wa Thing’o [itzulpena] [4. zk.]
2011 Afrikako literaturaren hizkuntzak : idazle baten lekukotasuna / Ken Saro-Wiwa [itzulpena] [4. zk.]
2012 Juan Sarobe Lizarraga : Adunako Apakintzako semearen adore-froga Sonorako indio matxinatuen aurrean (1769) [6. zk.]
2013 Antonia Manoten objektuak [itzulpena] [7. zk.]
2013 Bi lore euskaldun [7. zk.]
2015 Gernika / Julian Zabalbeascoa [itzulpena] [8. zk.]
2015 David Romtvedt-en hiru poema [itzulpena] [9. zk.]
2017 Madame Zilensky eta Finlandiako Erregea [itzulpena] [11.zk.]
Egitasmoak
Euskaltzaindiaren Testu-bankua egitasmoa