Amaiurren sortu zen, Baztan ibarrean, eta gaur egun Iruñean bizi da, nagusiki. Unibertsitateko ikasketak Gasteizen egin zituen, bi urtez irakasle aritu zen Gipuzkoan eta, azkenik, Iruñera itzuli zen, sorterriarekin eta inguruarekin lotura estua sekula galdu gabe, Mariano Izeta baztandar idazleari buruz egin dituen lanetan ederki ikusten den bezala.
Oinarrizko ikasketak Amaiurren, Lekarozen eta Oronozen egin ondoren, Euskal Filologiako lizentzia erdietsi zuen 1986an Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean, Gasteizen. Hantxe elkartu zen Hego Euskal Herriko zernahi txokotatik ikastera joandako ikasleekin eta, bertzeak bertze, Koldo Mitxelenaren azken eskolen lekuko izan zen. Karrerako urteak oparoak izan zitzaizkion arrunt, bereziki eremu euskaldun ia hutsetik abiatutako gazte hark murgildu behar izan baitzuen hiri aski erdaldun batean. Aldi berean, mendebaldeko eta erdialdeko euskalkietako eta nafarrerako bertze hiztun batzuekin suertatu zen. Hantxe hasi zitzaion euskararen dialektologiaren, onomastikaren eta hiztegiaren gutizia pizten. Ez zuen erreparorik izan ikaskide haien belarrietan arrotzak ziren ekialdeko erran, aitzina, bertze, kasu eman, joaki eta iduritsuak erabiltzeko.
Lizentzia eskuratu bezain fite hasi zen lanean Bigarren Hezkuntzako irakasle, Azpeitiko Batxilergo Institutuan lehenengo (1986-1987) eta Hondarribikoan gero (1987-1988). Halaber, berehala gainditu zuen Batxilergoko euskarazko irakasle agregatua izateko oposizioa (1987), baina bi urte irakaskuntzan eman ondoren bertze bide batetik saiatzea erabaki zuen eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzaile izateko oposizioa gainditu ondoren (1988) lan berriari ekin zion.
Itzultzaile hasi zen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzuan (1988-1996) eta, segidan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Euskara Zerbitzuan (1996-2015) aritu zen. Gaur egun Euskarabidea erakundean dihardu.
Bere lana batez ere itzultzaile gisa egin badu ere, bertzelako ardurak ere izan ditu Administrazioan, adibidez, Euskararen Gaitasun Agiria eskuratzeko epaimahaiko kide (1998-2013) eta batzordekide (2003-2006) eta Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroko zuzendari (2002-2004). Orobat, Euskarabidean Euskararen gaineko Aholkularitzako atalburua izan da (2008-2009) eta Euskararen Ikerketa eta Itzulpenerako atalburua (2009-2010).
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Kontseiluko Terminologia batzorde bereziko kidea izan da (2003-2005, 2018-2020).
Euskaltzaindiarekin harreman luzea eta aberatsa izan du. Erraten ahal da euskara batuaren eta euskalkien arteko harremana izan dela bere kezka guzien gune nagusia eta, ondorioz, Akademiaren batzorde eta lantalde anitzetan esku hartu du, betiere hizkuntzaren araugintzaren ingurukoetan.
Horrela, Jagon Saileko Corpus batzordeko kide da 2000tik eta Euskalkien lantaldearen arduradun 2001etik hasita. Orobat, Iker Saileko Hiztegi Batuko lantaldeko kide 2001etik aitzina. 2003an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta ordutik aitzina bere parte hartzea areagotu zen, Akademiarekiko konpromiso sakona adieraziz. Aipatu ditugun hiru batzorde edo lantaldeetan lanean segitzeaz gainera (Hiztegi Batuko lantaldea Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lantaldea da 2009tik), ondokoetan ere izan ditu eta ditu partaidetza edo ardurak: Gramatika batzordeko kide 2003tik aurrera eta Euskal Gramatika Orokorra egitasmoko kide (2007-2009); Onomastika batzordeko eta Onomastika batzorde ahaldunduko kide 2013tik aurrera; Euskara Batuaren Eskuliburua batzordeko idazkari 2015etik aurrera; Hizkuntza Kalitatearen Behatokia (HIZBEA) zerbitzuko arduradun 2013tik aurrera eta Jagonet kontsulta-zerbitzuko arduradun 2016tik aurrera.
Halaber, 2018an Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariorde eta Euskaltzaindiak Euskararen Nafar Kontseiluan duen ordezkariaren ordezko izendatu dute.
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) kide aktiboa da eta Zuzendaritza Taldeko kide 2013-2016 bitartean. Hizkuntzaren inguruko zenbait hausnarketa elkartearen 31 eskutik blogean argitaratu zituen (2012-2013).
Hainbat aldiz izan da literatura sarietako epaimahaikide: Iruñeko Udalaren Haur Literaturako lehiaketa (2005, 2006, 2007); Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Literatura Itzulpen saria (2005, 2019); Espainiako Kultura Ministerioaren Sari Nazionala, Itzulpen Onena eta Itzultzaile baten bizia izeneko modalitateetan (2003, 2019).
Zenbait lan eta artikulu argitaratu ditu euskara batuaren eta euskalkien eta Baztango euskararen inguruan. Horien artean daude Mariano Izeta zenaren Baztango Hiztegia (1996) eta Dirua galgarri (2015) lanen edizioa, eta Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako agiri zaharretako zenbait toponimo eta oikonimoren inguruko lanak, Andres Iñigorekin batera prestatuak. Halaber, ondoko aldizkarietan idatzi ditu artikuluak: Argia, Euskera, Hermes eta abar.
1996 Baztango hiztegia / Mariano Izeta Elizalde [prest.] (Nafarroako Gobernua)
2002 Kultura arteko hezkuntzaren 20 saio : bizi ezazu aniztasunaren aberastasuna [itzul.] (SOS Arrazakeria Nafarroa)
2007 Baztango ipuinak [prest.] (Xorroxin irratia – Dindaia fundazioa)
2007 Baztango etxeen telefono gida [prest.] (Doike euskara elkartea)
2011 Hezkuntzako hiztegia [elkarlanean] (Nafarroako Gobernua) [soilik formatu digitalean] http://hiztegi.educacion.navarra.es/
2015 Dirua galgarri / Mariano Izeta [prest.] (Baztango Udala ; Euskaltzaindia)
2018 De Engracia a Garazi : el misterio de los nombres en Navarra [elkarlanean] (Aranzadi)
2018 Etxezarra, 1912 Baztan 2012 : Fr. Pedro María de Madrid, José Luis Larrión : elkarrizketak – diálogos [itzul.] (Analecta)
Euskera agerkarian
2001 Mariano Izeta Elizalde (1915-2001) [hilberri txostena] PDF
2004 Euskara batua eta euskalkiak Nafarroako administrazioan eta hezkuntzan : inkesta baten emaitzak, kezkak eta ondorioak [elkarlanean] PDF
2019 Zenbait toponimoren lekukotasunak Bortzirietako, Malerrekako eta Baztango agiri zaharren argitan [elkarlanean] PDF
Euskaltzaindiaren buletina
2022 Amaiurren gaindi ibilki [sarrera-hitzaldia] PDF
Iker bilduman
2008 Gaurko hiztegigintzaren premiak eta arazoak [mahai ingurua] PDF
2008 Lekuko euskarak eta euskara batua, elkarren osagarri ala arerio? [mahai ingurua] PDF
2020 Pertsona-izendegi berrituaren aurkezpena