Andres Alberdi Getarian jaio zen. Lehen mailako ikasketak Getarian bertan egin zituen herriko eskolan. 11 urterekin Saturrarango seminariora joan zen, eta ondoren Donostiakora. Familia euskaldun batean jaioa izan arren, euskara bizitza sozialean indar betean zegoen herri batean gainera, herriko ikasketak gaztelaniaz egin zituen, eta baita seminarioko lehen urteetako gehienak ere. Han, ordea, euskara lantzeko bidea ere ireki zioten, eta, urteak aurrera, baita ikasgai batzuk euskaraz jasotzeko ere.
Laster erne zitzaion euskal kontzientzia, eta filosofiako ikasketak egiten zituen bitartean (Donostian, Erroman, Salamancan eta Valentzian), bere kontura alfabetatu zen, hartara praktikan jartzen zuelarik Euskaltzaindiak, Rikardo Arregiren bultzadaz, urte horietan aldezten zuen bidea. Horrela, artean ikasle zela euskarazko eskolak hasi zen ematen Donostiako Larramendi ikastetxean, Juan Mari Lekuonaren alboko modura, eta haren esanetara. Lizentzia lortu eta Elgoibarko ikastolan lanean hasi eta berehala eskuratu zituen Akademiaren D eta B tituluak (1974, 1975), euskalgintzaren esparruan orduan zeuden bakarrak. Jakina denez, B titulua eskuratzeko azterketa gainditzeaz aparte, ikerlan monografiko bat idatzi beharra zegoen, geroago egin ohi zena, ez baitzuen epe jakinik; bada, Andres Alberdiren lan goiztiar hura zinez premonitorioa izan zen, izenburutik bertatik atera dezakegun bezala: Elgoibarko ikastolako haurrek darabilten zenbait esakera trakets eta beroien zuzenketarako darabilgun metodologia, 2 tomo (1980).
Izan ere, Andresen ibilbide profesional eta akademikoa guztiz lotuta dago irakaskuntzarekin, zehazki euskararen eta euskal literaturaren irakaskuntzarekin: 1973an, 23 urte bete berri eta Filosofiako lizentzia eskuan zuela, Elgoibarko ikastolan hasi zen lanean. Ordutik aurrera 38 urtez aritu zen irakaskuntzan, Lehen Hezkuntzan lehenengo, ikastolan (1973-1980); Bigarrenean gero, institutuan (1980-2000); eta Eusko Jaurlaritzaren EIMA egitasmoaren koordinatzaile gisa azkenean, jubilatu arte (2000-2011). Jubilatu baina ez erretiratu, data horretatik aurrera biderkatu baitzuen Euskaltzaindiarekin zeukan konpromisoa eta langintza, bereziki Euskara Batuaren Eskuliburua (2018) egitasmoan gauzatuko zena.
Elgoibarko institutuan eman zituen urteek garrantzi berezia dute beraren ibilbidean. Ikastolatik institutura pasatzea ez zen izan erabaki soilik pertsonala, Elgoibarko testuinguruari lotua baizik: ikastolaren bidea Lehen Hezkuntzara mugaturik eta Bigarren Hezkuntzara luzatzeko ezintasuna ikusita, bailarako ikastolen planteamenduari jarraika, irakasle lizentziadun talde bat herriko institutuan hasi zen lanean, eta bertan sartzeko oposizioak gainditu gero, hartara hura barrutik euskalduntzea lortzeko. Erabakia burutsua izan zen eta, hartara, urte gutxian D eredua zen erabat nagusi institutuan. Orobat, hura izan zen Elgoibarko Euskara Mintegiaren sehaska: euskarazko ikasmaterialen eskasiaren aurrean etsi gabe, irakasle talde batek euskarazko testuak sortzeari ekin zion eta, 1986tik hasita, mintegi horretan sortutako euskara eta euskal literaturako ikasliburuek, Bigarren Hezkuntzako maila guztietarako egokituak, erabilera handia izan zuten Euskal Herri osoan; fitxa honen ondoko bibliografian agertzen dira horietako asko, baina ziur aski ez guztiak, berrargitalpenen eta eguneratzeen baso sarria ez delako beti erraz garbitzen. Tartean zen beti egile- eta koordinazio-lanetan Andres Alberdi, ordurako, 1982tik, Euskara eta Literaturako katedradun-postua zuena.
1982an Eusko Jaurlaritzak EIMA egitasmoa sortu zuen, irakaskuntzan erabiltzen ziren euskarazko materialak sustatzeko eta gainbegiratzeko. Laster jarri ziren harremanetan Elgoibarko Mintegiarekin eta 1991tik aurrera Andres Alberdi erregularki kolaboratzen hasi zen haiekin; 2000tik aurrera osorik liberatu zuten egitasmoaren koordinatzaile izateko, 2011n jubilatu zen arte, gorago esan dugun bezala. Langintza horretan, koordinazio orokorraz gain, bi zeregin nagusi izan zituen: batetik, ikasmaterialetako hizkuntza-kalitatea gainbegiratu, zuzendu eta aberastea, eta bestetik EIMAren estilo-liburua eratu, hornitu eta kudeatzea.
Euskaltzaindiari dagokionez, 2007-2024 bitartean izan zen Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldeko partaide, baina lan nagusia jubilatu ondoren etorri zen: 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordearen buru da, eta batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburuaren (2018) prestatzaile eta egilea. Era berean, Corpus batzordeko kide izan zen (2015-2021) eta, 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduko idazkaria da. Oinarrizko gramatika arauemaile praktiko bat egitea du helburu batzordeak, eta erredakzio-lanaren arduraduna da. Halaber, Hizkuntzaren Kalitatearen Behatokia (HIZBEA) batzordearen kide da (2022-).
Orobat, 1986-1990 bitartean EGAko aztertzaile-taldeko kide eta azterketa-materialen sortzaile, eta 1988-1990 urteetan, Azterketa Batzorde Ofizialeko zuzendaritza-kide izan zen, Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritzako arduradun akademiko gisa. Euskaltzaindiaren ardurapean zegoen artean EGA tituluaren kudeaketa, eta Alfontso Irigoien zen Azterketa Batzordeko burua.
Herri-aldizkarietan ere kolaboratu izan du. Urteak eman zituen Elgoibarko Barren aldizkariaren hastapenetan euskara-zuzentzaile eta artikulugile gisa. Eta duela 10 urtetik artikuluak argitaratzen ditu Getariako Artzape aldizkarian ere.
Bigarren Hezkuntzako ikasliburuak: Elkarlanean eginak
1986 Euskal Hizkuntza eta Literatura: BBB 1-LH 1-IEE 1 [Elgoibarko Euskara Mintegia] (Elkar)
1987 Euskal Hizkuntza eta Literatura: BBB-LH-IEE 2. maila [Elgoibarko Euskara Mintegia] (Elkar)
1987 Hiztegia aberasten: BBB-LH-IEE 1. eta 2. maila [Elgoibarko Euskara Mintegia] (Elkar)
1988 Euskal Hizkuntza eta Literatura 3 [Elgoibarko Euskara Mintegia] (Elkar)
1989 Euskal Hizkuntza eta Literatura: U.B.I. [Elgoibarko Euskara Mintegia] (Elkar)
1992 Euskal Hizkuntza eta Literatura 1: [BBB – IEE] [Elgoibarko Euskara Mintegia] (Elkar)
1992 Euskara Hizkuntza eta Literatura 1: Irakaslearen gidaliburua [Elgoibarko Euskara Mintegia] (Elkar)
1993 Euskal Hizkuntza eta Literatura 2: [BBB - IEE] 1 [Elgoibarko Euskara Mintegia] (Elkar)
1993 Euskal Hizkuntza eta Literatura 2: Irakaslearen gidaliburua [Elgoibarko Euskara Mintegia] (Elkar)
1997-1998 Euskal Hizkuntza eta Literatura: DBHO-Batxilergoa 1 [3 t.][elkarlanean] (Elkar-GIE)
1998-1999 Euskal Hizkuntza eta Literatura: DBHO-Batxilergoa 2 [3 t.][elkarlanean] (Elkar-GIE)
1998 Euskal Hizkuntza eta Literatura: 1, DBHO-Batxilergoa : Irakaslearen gidaliburua [elkarlanean] (Elkar-GIE)
1999 Euskal Hizkuntza eta Literatura: 2, DBHO-Batxilergoa : Irakaslearen gidaliburua [elkarlanean] (Elkar-GIE)
2004 Euskara eta Literatura: Batxilergoa 1 [elkarlanean] (Elkar)
2005 Euskara eta Literatura: Batxilergoa 2 [elkarlanean] (Elkar)
2006 Euskara eta Literatura: 1-2 Batxilergoa . Gidaliburua [elkarlanean] (Elkar)
Bigarren Hezkuntzako ikasliburuak: Bakarka eginak
1996 Eskola Gramatika: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (Elkar-GIE)
1998 Euskara eta Literatura: DBH Bigarren Zikloa : Lan-koadernoa 7 (Elkar)
1998 Euskara eta Literatura: DBH Bigarren Zikloa : Lan-koadernoa 8 (Elkar)
2000 Euskara eta Literatura: DBH Bigarren Zikloa : Lan-koadernoa 9 (Elkar)
2000 Euskara eta Literatura: DBH Bigarren Zikloa : Lan-koadernoa 10 (Elkar)
2001 Euskara eta Literatura: DBH Bigarren Zikloa : Lan-koadernoa 11 (Elkar)
2001 Euskara eta Literatura: DBH Bigarren Zikloa : Lan-koadernoa 12 (Elkar)
Biografiak
1990 Agustin P. Iturriaga (1778-1851) [Bidegileak bilduma] (Eusko Jaurlaritza)
1990 Manuel Larramendi (1690-1766) [Bidegileak bilduma] (Eusko Jaurlaritza)
Orotarikoak
1980 Elgoibarko ikastolako haurrek darabilten zenbait esakera trakets eta beroien zuzenketarako darabilgun metodologia, B maila titulua eskuratzeko monografia [2 tomo] (argitaragabea)
2005 Onomastika: irizpideak [EIMAren estilo liburua] [elkarlanean] (Eusko Jaurlaritza)
2008 Oinarrizko Gramatika (Elkar-GIE)
2009 Estandarizatu gabeko solasak nola eman ikasliburuetan [EIMAren estilo liburua] (Eusko Jaurlaritza)
2014 Ahoskera [EIMAren estilo liburua] (Eusko Jaurlaritza)
2018 Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE): A-tik Z-ra, zalantzak eta argibideak, 1. argit.[hainbat aldiz berrargitaratua eta eguneratua] [prestatzaile eta egilea] (Euskaltzaindia)
Iker bilduman
2021 Euskara Batuaren Eskuliburuari (EBE) buruzko zertzelada nagusiak